Munduko gaixotasun infekzioso handiena da tuberkulosia: urtero 10 milioi pertsona kutsatzen direla kalkulatu dute. Koronabirusak eragindako konfinamenduan are kasu gehiago agertuko direla ondorioztatu du ikerketa batek, arrisku taldeei testak egitea zailtzen duelako egoerak.
1,5 milioi pertsona inguru hil zituen tuberkulosiak 2018an, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Horietatik 200.000 baino gehiago haurrak ziren. Datu horiek kezkagarriak dira, batez ere tratamendua duen gaixotasuna delako.
Tuberkulosiari ematen zaion erantzuna gaixoei testak egin eta tratamendua ematean datza. Baina konfinamenduak erantzun hori baldintzatuko du, jendea konfinatuta dagoenez testak egitea zailagoa delako osasun langileentzat. Hori horrela, agerraldi berria “suntsitzailea” izan daitekeela aurreikusi du ikerketa batek.
Luzerako arazoa
Imperial College Londoneko epidemiologoen talde batek India, Kenia eta Ukrainan egindako ikerketak azaldu du, mundu mailan bi hilabetez konfinatuta egonez gero eta munduak lehengo martxa bizkor berreskuratuz gero 1.8 milioi pertsona kutsatuko liratekeela datozen bost urteetan, eta 340.000 hil.
Baina datu horiek okerragoak izango lirateke konfinamendua luzatuko balitz: hiru hilabetez konfinatuta eta hamar hilabetez lehengo martxara bueltatzen egonez gero, sei milioi kutsatu eta 1,4 milioi hildako izango lirateke 2025erako.
Tuberkulosiaren eta COVID-19aren artean loturarik ez dute aurkitu oraingoz, baina biek eragiten diete birikiei. “Badakigu tuberkulosiak birikiei eragiten diela, beraz, zure birikietako gaitasuna urratzen denean COVID-19aren eragina okerragoa izatea espero dezakegu”, dio Nimalan Arinaminpathy ikerketa taldeko kideak.