argia.eus
INPRIMATU
Urruñan desagertutako emakumeak otsailean Poliziari jakinarazi zion senarrak “jazartzen” zuela
  • Ostegunean emandako prentsaurrekoan Jerome Bourrier prokuradoreak bikotea “dibortzio-prozesuan” zegoela adierazi du, eta senarrak ez zuela onartzen. Senarra jendarme ohia eta tiro kirolaria da, eta etxean zituen gerra armak ez dituzte aurkitu. Laure Zacchello “kosta ahala kosta” aurkitzeko beharra adierazi du prokuradoreak.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 28a
Donibane Lohizunen elkarretaratzea egin zuten hilketa matxista salatzeko. Argazkia: Euskal Irratiak

Laure Zacchello-ren hilketa matxistagatik egiten ari diren ikerketaren xehetasun gehiago eman dituzte prentsaurrekoan ostegunean ondorengoek: Baionako prokuradore Jerome Bourrier, prokuradoreorde Stephanie Vessiere eta Baionako Polizia Judizialeko komisario Karim Filali. Zacchello 43 urteko emakume urruñarra ekainaren 21eko goizean ikusi zuten azken aldiz. Asteburuan gizonari egindako galdeketek senarraren inplikazioaren “zantzu serioak eta sendoak” eman zituela adierazi bazuen Bourrier-ek, prentsaurrekoan ikertzaileei etxearen miaketan arreta deitu zieten ñabardura ugari azpimarratu ditu, Naizen irakur daitekeenez. Hala ere, beste hipotesiak ez dira baztertzen.

Zacchelloren senarra jendarme ohia eta tiro kirolaria da, eta etxean dituen bi armairu gotorretan zituen armak ikertzaileek ez dituzte aurkitu. Emakumearen poltsa, ibilgailua eta beste gauza pertsonalak horien artean, bi mugikor etxean aurkitu dituzte. Bourrier ezkor agertu da Laure Zacchello bizirik aurkitzeko aukerei dagokionez eta “urriak” direla esan du. “Laure Zacchello aurkitu behar dugu kosta ahala kosta”, adierazi dute Auzitegi Judizialean, Sud Ouest egunkariak jaso duenez.

 

Indarkeria aurrekariak

Prokuradoreak adierazi du bikotea “senarrak onartzen ez zuen dibortzio-prozesuan” zegoela eta emakumea azkenaldian gaizki pasatzen ari zela, “sofan edo semeekin oheratzeraino”.

Miaketan, otsailaren 7an Zacchellok egindako idazkiak aurkitu dira, non bikoteak izandako indarkeriazko eztabaida baten zantzuak ematen zituen. Berriak informatu duenez, prokuradoreak esan du otsailaren 7an senarra Donibane Lohizuneko polizia etxera joan zela, “emazteak ausiki zuela errateko”. Otsailaren 10ean Zacchello polizia etxera hurbildu zela aipatu dute, senarra “jazartzen” ari zitzaiola esateko, baina ez zuen salaketa jarri.

 

Lapurreta baten “itxurak”

Indarkeriazko lapurreta baten itxurak egin izanaren susmagarritzat jo dute senarra, emakumearen desagerpenean izan dezakeen inplikazioa estaltzeko asmoarekin. Bourrier-ek adierazi du gizonaren arrebak lurrean aurkitu zuela anaia, etxebizitzaren kanpoaldean, itxuraz konorterik gabe, buruan zauri batekin eta ondoan harri bat zuela. Ikertzaileek lapurreta, bahiketa eta borondatezko desagertzearen hipotesiak baztertu dituzte. Prokuradoreak gizonaren “nortasun hotza” eta emakumearen desagerpenagatik duen “enpatia eskasa” azpimarratu ditu.

 

Ostiralean elkarretaratzea

Ostiralean, ekainaren 28an, elkarretaratzea deitu du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak Urruñan, arratsaldeko 18:30etan. Feminizidioa baieztatzen bada, urteko bigarrena izango da Euskal Herrian, baita Lapurdin bertan ere, Berriak egiten duen hilketa matxisten mapan baiezta daitekeenez. Apirilean Donibane Lohizunen gizon batek bikotekidea hil zuen "modu basatian", Jerome Bourrier prokuradoreak definitu zuenez.