Uztailaren 17-18ko gauean gertatu da sutea. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak “nahita egindako erasoa” izan dela esan du, eta Polizia Judizialak ikerketa abiatu du.
Urruñako txertaketa guneari su eman diote uztailaren 17-18ko asteburuan. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak “nahita egindako erasoa” izan dela adierazi du, “zalantzarik gabe”, eta fiskaltzak Baionako Polizia Judizialari ikerketa abiarazteko eskatu dio.
France Bleu hedabidearen arabera, suhiltzaileak gaueko hirurak aldera heldu ziren lekura, eta sua hasi zen hainbat puntu aurkitu zituzten gasolinaz bustita. France info kateak esan duenez, auzoko batek deitu zien suhiltzaileei, sua eta gunetik korrika alde egiten ari zen lagun talde bat ikusi ondoren. Kalteak handiak izan ez diren arren, txertoak emateko erabiltzen den Iturbidea kiroldegiaren ondoko karpa partzialki erreta geratu da.
Erasoa onartezina izan dela salatu dute hainbat agintari publikok. Phillipe Aramendi Urruñako alkateak onartu du jazoeraren ondoren "haserre eta atsekabetuta" dagoela. Daniele Bideondo-Baron Urruñako Gizarte Gaietarako zinegotziak, berriz, askok pandemiaren aurrean izan duten jarrera kritikatu du. Sud Ouest komunikabideari adierazi dionez, “bakoitzak nahi duen iritzia izan dezake txertaketari buruz”, baina gertatutakoak “urruñar guztiei egiten diete kalte”.
Sutea Macron presidenteak pandemiari aurre egiteko neurri berriak iragarri ondotik gertatu da. Pass sanitaire edo osasun pasaportea eta derrigorrezko txertaketa izan dira hartutako erabaki garrantzitsuenak, eta Frantzian zehar hainbat protesta egon dira horien aurka.
Jazotakoa ikertu bitartean, Bideondo-Baronek asteazkenetik aurrera berrekin nahi dio Urruñako txertaketa kanpainari: zentroa asteazken eta ostiraletan zabalduko dute berriro, abuztuaren amaierara arte. Hitzordua eskatzeko, 05 59 47 95 08 telefonora deitu behar da.