argia.eus
INPRIMATU
Urruñako gazteek herriko plaza okupatuko dute gaztetxe eske abuztuaren 21etik 23ra
  • Gaztetxea  aldarrikatzeko herriko plaza okupatuko du Urruñako Gazte Asanbladak abuztuaren 21etik 23ra bitartean. Duela sei urte antolatzen hasi zirenetik eskatu dute biltzeko tokia. Okupazioaren hiru egunetan gaztetxea izango balute antolatuko lituzketen ekimenak egingo dituzte Herriko Etxearen aurrean.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 11
Irudian Urruñako Gazte Asanbladako kideak. (Arg.:kazeta.info)

Asanbladako kide Txomin Povedak Antxeta irratian adierazi du herriko auzapez Odile de Coralekin bildu direla, baina gaztetxea ukatu diela beste behin. "Gazte guztiak kontrolatu nahi ditu Herriko Etxeak, aktibitate kontrolatuak soilik proposatuz", esan du.

Gaztetxearen aldarriaz urruñarrak informatzeko duten modu bakarra plaza okupatzea dela adierazi du Povedak. Modu berean, okupazioarekin Herriko Etxeari “seinale azkar bat” bidali nahi diotela esan du.

Hitzaldiak, azoka, jolasak, herri kirolak eta dantza izango dira bestak beste hiru egunetan. Hala ere, egitarauaren xehetasunak aurrerago aurkeztuko dituzte.

Gaztetxea gazteak bildu eta alternatibak lantzeko

Urruñako Gazte Asanbladak gazteen ideiak eta indarrak batuz proiektu berriak garatzeko espaziotzat ikusten du gaztetxea. Gizarte-gaien inguruan hausnartzeko lekua ere badela azaldu du, “alternatiba ildoez” jabetu eta hauek lantzeko.