Etxean kantatu zuen Urruñago taldeak irabazi zuen azken kanporaketako saioan.
Igandeko saioan ere 2019ko Taldekako Xilaban zehar bizi izan den giro aparta izan genuen. 2019ko Taldekako Xilabako kanporaketa faseetako azken saioa izan zen horretan, Urruñago taldeak Ez Otoi Pentsa taldea errezibitzen zuen. Bertsoaldi ederrak utzi zituen saioa izan zen eta emaitza estuarekin bururatu zela pentsa daiteke. Oraingoa ere agur originalekin hasi zuten bi taldeek, Ez Otoi Pentsak haien lehiakideak parodiatzea erabaki bazuen, Urruñago taldeak bere buruari trufa egiteari ekin zion. Bi agur irringarri, aurtengo Xilabaren pare. Lehian berriz, 8ko ttikian Maddi Ane Txoperena eta Ortzi Idoate “gaztetan rock talde bateko kide izandakoak ziren eta lehen onek talde berrosatzea proposatu zion”. Ortzik horretarako indarrik ez zuela agertu ondoren Maddi Anek Kortatu berriz taularatzea ona zela erranez “kontzertua emanda milioi batzun truke / areto huandiena beteko genuke” kantatuz erantzun zion. Berehala aipatu zuen Ortzik joan berri den Iñigo Muguruza, “nola gaitezke orain oholtzara igo / orain guti joan da ta anaia Iñigo”. Maddi Anek Kontzertua “egin diezaiokegun omenaldi onena” zela entzunik, Ortzik horretarako ezina agertu eta halere kontzertuetara joanen zela adierazi zion. Finitzeko Txoperenak “…bakarrik ezin du izan / nik ez dut deus balio bakarlari gisan” bota zuen. Bakarkako lan ederrak utzi zizkiguten Odei Barroso eta Miren Artetxek. Horrela zioen Odeiren gaiak: “Ikastolako lehen egunaren bezperan zure alaba hirugarren aldiz esnatu da”. Izarren hautsa doinua harturik, “Bihar lehenengo eskola eguna lagun berriak ditu zai / gauez ezin du lo hartu eta ni ez naiz lokartzeko gai / bihar lehen aldiz du ikastola / eta borborka dauka odola / berak negar eta nik ai! / alaba segi zazu ohera baduzu nahikoa dohai / baina nerekin egin nahi du ta ez du ameste segi nahi / baduzu aski gogo ta indar / ta ikastola daukazu bihar / ta bihar ez denez orai / orai egizu lo lasai” abestu zion lehen bertsoan alabari. Bigarren bertsoa gisa honetan finitu zuen: ezin lagunduz dago eta aita lanak bete nahian “…utzi burua(r)i airatzen eta pausatu zaite pinpirin / ahantzi beldurra ahantzi mamua / biharra etzia etzidamua / orain nerekin lo egin / ta joanen naiz zurekin”. Mireni berriz bestelako gai bat egokitu zitzaion. “Kanakiako ugarteak 2020rako ukanen du independentziari buruzko bigarren erreferenduma”. Mirenek ere bertsotan artista dela erakusteko parada ez zuen galdu. Kanakiarrek aspaldikoan dute beraien problema / haiek jasaten dute herrian kolonialisten kondena / haien iragan hori hautatu omen zutenek aurrena / emanen diete etorkizuna hautatzeko ahalmena / baina nahiz eta referenduma den eskeintzen dietena / hau herritarrei galdetzerako erabakia da dena”. Eta bigarrenean, “Madagaskargo zein Kanakiar Martinikarren antzeko / pixka askatzen dituzte lehenik / gero gehiago lotzeko / esperantzarik ez dute behar herri gisa askatzeko / nahiz saiakera egin behar den denen indarrak batzeko / frantziar hauek nahi dituzte kanpoko denak etxeko / kontzesioa arma ona da inperioa indartzeko”. Bi bakarkakoak txaloen lehian berdinduta joan ziren. Bertsoaldi gehiago sar genitzakeen baina ez litzateke jada kronika bat. Horrenbestez saioa Urruñagok irabazi bazuen ere, Ez Otoi Pentsa taldeak bigarren onenaren lekua hartu eta Müskildiko final aitzinekoan talde berberak lehiatuko dira.
Behean entzun ditzakezu Urruñago taldeak egindako agurrak.
Hurrengoak, Baionan eta Müskildin
Ondoko hitzorduak hauek dira beraz: Azaroaren 16an Baionako zizpa Gaztetxean, 19:00etan, 4koplasara eta Hasta La 2toria lehiatuko dira, eta Müskildin azaroaren 2an, afal ondoko saioan Urruñago eta Ez Otoi Pentsa taldeak.