argia.eus
INPRIMATU
Urruñako antzerki eskolak “Urtaroak” ipuin liburua argitaratu du
  • Urruñako antzerki eskolaren proiektua finantzatzeko ipuin liburuxka argitaratu dute. Ixabel Etxeberriaren testuen eta Garbiñe Ubedaren marrazkien bidez guraso eta haurren arteko harremana indartzea da liburuaren helburua. Aurrerago liburu gehiago argitaratuko dituztela adierazi dute antzerki eskolako kideek. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 10
Argazkia: Urruñako antzerki eskola

2020ko otsailean hasi zuen ibilbidea Urruñako antzerki eskolak, 6 eta 18 urte bitarteko gazteei antzerkia euskaraz egiteko aukera eskaintzeko. Koronabirusak ekarritako krisiak, bete-betean eragin du taldearen jardunean; aurreikusita zituzten hainbat emanaldi bertan behera gelditu behar izan dira. Proiektua finantzatzeko modu berriak bilatzen ibili dira eta ipuin liburuxka atera berri dute dirua lortzeko helburuarekin.

Argitaratu duten lehen liburuxka “Urtaroak” da, eta hilabete bakoitzaren inguruko ipuin, marrazki eta bertso ilustratuak jasotzen ditu. Ixabel Etxeberriaren testuekin eta Garbiñe Ubedak ilustratutako irudiekin osatu dute.

Ipuin liburu gehiago egongo direla eta “haurrek dituzten kezkak” jorratuko dituztela esan du idazleak. Aurreratu duenez, ipuin batzuk idatzita dituzte jada baina horretarako ere finantziazioa beharrezkoa dute. Lehen liburuxka Euskal Herriko antzerki zaleen elkartearen laguntzaz argitaratu ahal izan dute eta lau eurotan dago salgai Urruñako Leclerc saltokian. “Zuen sostengua behar beharrezkoa dugu eskolatik kanpoko euskarazko aisialdia eskaintzen segitzeko!” adierazi dute eskolako kideek.

Euskarri hauen helburu nagusia haur eta gurasoen arteko harremana sustatzea dela azpimarratu du Etxeberriak. Bestalde, testu laburrez eta marrazki ugariz osatuta dagoenez, euskara ikasten ari diren gurasoentzat egokiak eta baliagarriak izan daitezkeela ere esan du.