argia.eus
INPRIMATU
Urruña eta Segurako udalek ofizialdu egin dituzte herritarrek sortutako zubiak
  • Herritarrengandik sortu eta hiru hamarkadaz eraikitako harremanaren ondotik, Hego Lapurdi eta Goierriko bi herri hauen arteko senidetze edo birazkatze ofiziala egin dute igandean Urruñako plazan. 30 urteko mugarri, egun «historikotzat» jo dute Filipe Aramendi eta Izarra Urdalleta auzapezek, eta gazteek ere harremana bereganatu eta sakontzen jarrai dezaten deia egin dute.

Antxeta Irratia Aitor Errazkin 2024ko urriaren 15
Izarra Urdalleta (Segura) eta Filipe Aramendi (Urruña) auzapezak birazkatzearen izenpeduran. Antxeta Irratia

Duela 30 urte ezagutzen dutela elkar, Baztandarren Biltzarrean herritar talde batek topo egin eta ezagutu ziren kantu eta txarangaren bitartez, Urruña, Azkain eta Segurako jende multzo bat.  Urte berean Altsasun ospatu zen Nafarroa Oinezen ere elkartu ziren kantuan. Eta Iparra-Hegoa bizpahiru urte beranduago sortu bazen, Urruñako Berttoli eta Segurako Elorri elkarteek Iparra-Hego kultur astea sortu zuten. Orduz geroztik, urtero martxoa inguruan gai baten inguruan elkartu eta euskara oinarri hartuta, programazio kulturala antolatzen dute.

Baina herritik sortua, erakunde publikoek ofizialdu dute Hego Lapurdi eta Goierriko bi herri hauen arteko harremana (ikusi hemen egunaren bideo erreportajea). Izarra Urdalleta eta Filipe Aramendi, Segura eta Urruñako auzapezek emandako pausoa «historikotzat» jo dute, eta etorkizunean bi herrien arteko harremanak arlo desberdinetara zabalduko direla azpimarratu dute.

Besta giroan, Urruña eta Segurako udalek, bi herrien arteko senidetzea ofiziala egin dute. Elkarkidetza honek, hiru hamarkada ditu jada, Iparra-Hegoa kultur astea da horren adierazle nagusia. Izarra Urdalleta Segurako auzapezaren esanetan, binazkatze honek bi herrien arteko elkarlana azkartuko du. «Historia egingo duen eguna da gaurkoa, herritarrek beraiek hauspotu duten ekimena, herritik sortu den heinean, bere xarma eta indarra du. Eta 30 urtez sortu eta mantendu bada euskara eta kulturaren bidez, bultzatzen jarraitu beharra dago», aldarrikatu du Urdalletak.

Hala ere, 30 urteko ibilbidea ofizialdu bada, mugarri bat besterik ez dela oroitarazi nahi izan du Filipe Aramendik Urruñako auzapezak. «Gaurko eguna ez da helmuga, pauso bat gehiago emaiten da, baina birazkatze hori biziko da belaunaldi berriek bereganatu eta aitzinat eramango duten heinean», ohartarazi du, herriko gazteei segida ematera animatuz.   

Horiek hala, elkarlan horri segida ematea espero dute euskara eta kulturaren bidetik ez ezik, bi herrietako kirol elkarteen artean edota beste arlo batzuetan ere, elkar ezagutza bultzatu eta proiektuak garatuz. Mementukotz, azken hiru hamarkadatan egindako lanaren haritik, hitzordu finkoa den Iparra-Hegoa aste kulturalaren ekitaldi berria prestatzen hasi dira. 2025eko martxoaren 24tik 31era iragango dela iragarri dute.

Igandean hontako ekitaldian, Segura eta Urruñako bizilagunak pozik eta ilusio handiarekin ospatu zuten senidetzearen ofizialtasuna.