argia.eus
INPRIMATU
Urritasunen bat duten pertsonek erabat kudeatutako lehen supermerkatua ostegunean zabalduko da
  • Eroskik eta Gureak taldeek elkarlanean jarriko dute martxan Azpeitian. Eskualdeko hamar pertsona ariko dira bertan lanean, eta hamarrak euskaraz mintzo dira.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko urriaren 14a
Argazkia: Ruben Plaza, noticiasdegipuzkoa. Argazkia: Ruben Plaza, noticiasdegipuzkoa.

Euskal Herrian eta Espainiako estatuan urritasunen bat duten pertsonek erabat kudeatuko duten lehen supermerkatua izango da eta Azpeitiko Bustinzuriko Errebalean irekiko da. Eroskik berrikuntza sozialaren barruan landu du proiektua eta agiri batean azaldu duenez: "ekimenaren helburuak dira urritasunen bat duten pertsonei aukera berriak ematea lan-munduan sar daitezen, eta gizartean dauden askotariko gaitasunak eta trebetasunak ikusaraztea, publikoarekin harreman zuzena izanez".

Supermerkatuko arduraduna Tolosakoa bada ere, langile guztiak Azkoitia, Azpeitia eta Zumaiakoak dira. Azpeitiko supermerkatua martxan jarri aurretik, prestakuntza zehatza jaso dute Eroskiren supermerkatuetan.

Oraingoz, Azpeitiko saltokia izango da martxan jarriko duten bakarra, ez dute aurreikusten halako gehiago irekitzerik epe motzean.

Albiste honen berri eman dute Uztarriak, Urolakostako Hitzak eta Noticias de Gipuzkoak (gazteleraz).