argia.eus
INPRIMATU
Urriaren amaieran emakume bat hil zen Zaballako espetxean
  • Zaballako espetxean preso zegoen emakume bat hil zen urriko azken astean, Arabako Salhaketak jakinarazi duenez. Patologia larriak zituen diagnostikatuak eta horregatik baldintzapeko askatasunerako eskubidea zuen, baina ez zuen plazarik lortu inongo baliabide soziosanitariotan eta, ondorioz, ez zuen askatasuna eskuratu. Aurten Zaballan hiltzen den bosgarren presoa da, elkarteak salatu duenez.

2020ko azaroaren 13a
Arg.: EITB

Presoaren heriotzaren aurrean Salhaketak hainbat galdera luzatu ditu: “Egoera honen aurrean, zer egiteko asmoa dute Zaballako espetxeko arduradunek? Kasu hauek guztiak aurreikusi eta saihestu daitezke, beraz, hartuko dira prebentzio-neurriak gertaera oso larri horiek ez errepikatzeko? Ala presoek eskatutako “harrera-pisuen” eta arreta psikologiko eta sanitarioaren baliabideak ez inplementatzearen eta pasibotasunaren alde egiten jarraituko dute? Zer motatako profesionalen eskuetan daude espetxeratuak?”.

Heriotza hauek ezkutatzeko dagoen erabaki politikoa salatu du Arabako Salhaketak eta egoera honekin amaitzeko hainbat neurri hartzea eskatu du. Batetik, espetxetik kanpora baliabide gehiago jartzea, askotan presoek kartzelan jarraitzen dute, besteak beste osasun zentroetan lekurik ez dutelako. Bestetik, gaixotasun larriak dituzten presoak, batez ere fase terminalean daudenak, "berehala kartzelatik ateratzea, legeak jasotzen duen bezala".

Egoera zail eta konplexu hauen aurrean, familiei behar duten laguntza guztia eskaintzea ere aldarrikatu du presoen aldeko elkarteak, bai balizko “erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal ditzaten”, bai laguntza psiko-soziala eta juridikoa emateko ere. “Osakidetzak eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak erantzukizun osoa dute autonomia erkidegoan dauden espetxeetan. Presoei farmakologia nola banatzen zaien zorrotz kontrolatzeko eskatzen diegu Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari: zeregin hori Osakidetzaren mendeko osasun-langileek bakarrik egin behar dute”.