argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa
Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 29a
Dozenaka lagun bildu dira Baionako epaitegiaren aurrean. LAB

Epaiketa urriaren 7ra atzeratu dute, auzipetuen abokatuek Europako Justizia Auzitegiari bidalitako galdera aztertzeko denborarik ez duelako izan fiskaltzak. Hori dela eta, epaileak erabaki du epaiketa atzeratzea.

Lehen garaipentzat jo dute auzipetuek atzerapena, eta borrokan jarraitzeko asmoa azaldu dute. Azken asteetan J’accuse izeneko kanpaina jarri dute martxan, eta dagoeneko 3.513 autoinkulpazio bildu dituzte. 

Urtarrilaren 28an ehunka lagun bildu dira Baionako Auzitegian auzipetuei babesa adierazteko. LAB sindikatuak, beste eragile askorekin batera, gogor salatu ditu Europako migrazio politikak. Garbiñe Aranburu LABeko kideak adierazi du migrazio politikak epaitu behar direla, "bizitzaren kontra egiten duten politikak", eta ez bizitzaren alde egiten duten ekintzaileak, Berriak jaso duenaren arabera.

Peio Dufau EH Baiko diputatuak ere elkartasuna adierazi die auzipetuei, eta azpimarratu du migratzaileei laguntzea ez dela delitua. Berak ere etorkinei Baionara iristen lagundu izan diela aitortu du, eta gaur egungo “kriminalizazioa” salatu behar dela esan du.

Auzipetuek borrokan jarraituko dutela berretsi dute, eta  Baionako Auzitegian elkartasuna adierazteko bildu diren dozenaka lagunei ere borrokan jarraitzeko deia egin diete.