argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 7ko gertakariak ikertzeari uko egin dio Israelgo parlamentuak
  • Oposizioko taldeek proposatutako ikerketa batzorde ofiziala ez da aurrera atera, boz gutxiren aldearekin. Arrazoi ugari daude gobernuko kideek gertaerak ikertu nahi ez izateko.

Jon Hidalgo Gereñu 2024ko uztailaren 18a
Benjamin Netanyahu (Hirugarrena eskubitik) Israelgo lehen ministroa Kabinetearen asteroko bilera egiten Israelgo Parlamentuan, Jerusalemen, artxiboko argazki batean.

Knessetak, Israelgo parlamentuak, urriaren 7ko gertakariak ikertzeko batzorde ofiziala eratzearen aurka bozkatu du asteazken honetan. Benny Gantz Gerra kabineteko kide ohiaren alderdiak oposiziotik egin du proposamena eta Netanyahu eta bere aliatuek bota dute atzera egitasmoa, bi bozeko aldearekin soilik, Middle East Monitor hedabideak jaso duenez. Agintari sionista ugariren artean zalaparta sortu da, eta lehen ministroari “akatsak ezkutatu” nahi izatea leporatu diote.

Ez da lehen aldia Netanyahuk urriaren 7ari buruzko ikerketak oztopatzen dituena, lehenago ere uko egin baitio batzorde independente zein ofizialak eratzeari. Gantz eta Yair Lapid oposizioko kideek lehen ministroaren aurka egin dute, esanez “Israelen historiako ezbehar handienaren erantzule” dela. Palestinaren okupazioaren alde daude aipatutako agintari guztiak, sionistek jasandako ezbeharrez ari dira, noski. Netanyahuk, ikerketa debekatzeko, argudiatu du “lehenik Hamas suntsitu" behar dela.

Ikertu nahi ez izateko arrazoiak

Hainbat arrazoi daude Netanyahu eta enparauei komeni ez izateko urriaren 7koak ikertzea. Israelgo eragile ugarik lehen ministroa jotzen dute erresistentzia palestinarraren ekintzan egondako “segurtasun akatsen” erantzule. Bestalde, publiko egin da Israelgo armadak “Anibal direktiba” martxan jarri zuela, sionistei soldadu eta zibil israeldarren aurka tiro egitea baimentzen dien araua. Israeldarrak bahitu ditzaten saihestea du helburu direktiba militar honek, eta ofizialki indargabetua egon da azken ia hamar urteetan. Baina hainbat hedabidek jakin ahal izan dute urriaren 7an aplikatu zela, eta egiaztatu da zibil eta militarren heriotzak eragin zituztela, kopuru osoa jakitea zaila bada ere.

Gainera, Israelgo inteligentzia zerbitzuek bazuten erresistentzia palestinarraren asmoen berri, eta gertatu baino hiru aste lehenago txosten bat banatu zitzaien inteligentziako agintariei, “zehaztasun handiz” azalduz Hamas eta beste talde palestinar batzuek asmoa zutela “Israelen sartu” eta 250 pertsona inguru bahitzeko. Ondorenera gertatutakoa Israelgo segurtasun indarren akatsa izan, edo ezkutuko interesen araberako kalkulua, gobernuak ez du nahi urriaren 7koa ikertu dadin.

Israelgo armadaren barne ikerketa xumea

Armada sionistak barne mailako ikerketa partzial bat argitaratu du, ondorioztatu duena armadak ez zuela lortu Israelgo herritarrak babestea, kibbutz batean bereziki. Bertako segurtasun taldeko kide batek Netanyahurekin hitz egitea lortu zuen, goizean bertan, erasopean zeudela jakinarazteko. Lehen ministroak “kudeatuko zutela” erantzun omen zion, eta ordu batzuk beranduagora arte ez zen armada bertara heldu. Borrokalari palestinarrek 32 pertsona bahitu zituzten kibbutz hartan, eta ehundik gora hil ziren, izan milizien eraginez, edo Israelen Anibal direktibaren ondorioz.