argia.eus
INPRIMATU
EHEren Euskaltzale Independentisten Topaketak, urriaren 7an eta 8an Villabonan
  • Asteburuko egitaraua aurkeztu dute EHEko kideek. Besteak beste, sei tailer egingo dituzte bi txandatan, euskalgintzako pertsona esanguratsuekin.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 03a
Topaketen aurkezpena Bilbon

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak asteburuan Villabona-Amasan egingo ditu Euskaltzale Independisten Topaketak. Bi egun horietan euskara ardatz hartuko dutela adierazi dute antolatzaileek: “Euskararen Errepublikaren eraikuntzan jarriko dugu begirada eta bide horretan, gure ekarpena egiten saiatuko gara”. Egitarau osoa aurkeztu du EHEk, eta euskalgintzako pertsona esanguratsuek hartuko dute parte topaketetan. Mahai inguruak, hitzaldiak, ekitaldi politikoa, manifestazioa, kirol ikuskizunak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Urriaren 4an itxiko dute topaketetan izen emateko online galdetegia.

Urriaren 7an goizeko 10:00etan izango da topaketen irekiera ekitaldia. Euskararen errepublika eraikiz izeneko mahai-ingurua egingo da bost hizlarirekin: Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre. Bestalde, Ekhiñe Atorrasagasti arduratuko da aurkezle lanetaz.

Larunbat arratsaldean gaurkotasunarekin lotutako sei tailer izango dira, bi txandatan banatuta. Lehena 16:00etatik 17:15etara izango da, eta bestea 17:30etatik 18:45tara. Hizpide izango dituzte, beste gai askoren artean, kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan eta Pantailak euskaraz ekimenaren jarduna, esaterako. Gonbidatuen artean Euskaltzaindiako kide Iratxe Retolaza eta Bilgune Feministako kide Saioa Iraola izango dira, besteak beste.