argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 6an grebari ekingo diote Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileek
  • Pandemiak erantzukizunez jokatzea eskatzen ziela ondorioztaturik, martxoaren 13an bertan behera utzi zuten greba Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileek. Ordutik beren egoerak okerrera egin duenez, berriz ere grebari ekitea erabaki dute, urriaren 6an.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 24a
(Argazkia: ELA)

ELAk jakitera eman duenez, urriaren 6tik aurrera Gipuzkoako egoitzetako langileak berriz ekingo diote grebari. Orain bi urte hasitako borrokari berriz ekin beharra ikusi dute sektoreko beharginek, egun pandemia aurretik zituztenak baino lan baldintza okerragoak baitituzte. “Orduan [pandemia aurreko garaian] erdi esklabotzako lan-baldintzez hitz egiten bagenuen, gaur egun sektoreko langileok pairatzen duguna ankerra da”, jakinarazi dute. Hala bada, grebari ekitea erabaki dute, langileen lan baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko lituzkeen hitzarmen kolektiboa lortzea helburu.

Gogorarazi dute pandemiak gogor kolpatu dituela zahar-egoitzak, egoiliar kopuru altua hil baita eta hainbat langile kutsatu baitira. Bizipen horrek “fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta” utzi dituela adierazi dute, eta gehitu egoera horretan “albo batera utzi” dituztela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta egoitzen atzean dauden enpresek. Ildo horretan, seinalatu dute “enpresen eta Foru Aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria”.

Egoera hori izanik, borroka berrartzearen aldeko hautua egin dute. Pandemiak erantzukizunez jokatzea eskatzen ziela ondorioztaturik, egoitzetako langileek martxoaren 13an utzi zuten bertan behera greba. Azken hilabeteetako bizipenaren ondoren espero zuten lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea gehiago ez okertzea, baina errealitatean beren egoerak okerrera egin duenez, 243 egunen ostean gelditu zuten greba berriz martxan jartzea erabaki dute.

Azpimarratu dute zaintza publikoko sistema baten alde egin beharra dagoela, eta ez “Aldundiaren enpresa lagunak aberasten dituen baten alde”.