argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 22an Nafarroa itxiko dute, hamalau egunez
  • COVID-19aren bigarren olatua moteltzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak bigarren neurri multzo bat onartu du urriaren 19an: urriaren 22an (osteguna) ezarriko dira indarrean neurri hauek eta azaroaren 4 arte iraungo dute. Nafarroatik irteteko edo bertara sartzeko aukerak mugatuko dituzte, tabernak itxi eta kultur zein kirol ekitaldiak 21:00etarako bukatu beharko dira. Burbuilen sistema ere zorroztuko du.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 20a
Chivite lehendakaria urriaren 19an neurri berriak iragartzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Nafarroatik ateratzea edo bertara sartzea murriztu egingo du Nafarroako Gobernuak (bere webgunean albiste honetan azaldu ditu neurri berri hauek). Hauek dira joan-etorrietarako baimendutako arrazoiak: lanerako, unibertsitatera joateko, familia zaintzeko eta ezinbestekoak diren beste batzuetarako.

Tabernak eta jatetxeak itxiko dituzte

Tabernak, kafetegiak eta jatetxeak itxi egingo dituzte, eta hauek ogia eta prentsa soilik saldu ahal izango dute, horretarako baimenik baldin badute. Etxean jateko janaria ere saldu ahalko dute, gaueko 21:00 arte.

Hotelek eta nekazal-turismoek beren bezeroei jaten eman ahalko diete, launakako mahaietan.

Dendak eta ekitaldi kultural zein kirol ikuskizunak, 21:00etan itxiko dira

Gaueko 21:00etan hustu beharko dira bai dendak, eta baita kultur zein kirol ikuskizunak ere.

Elkartzeko muga, sei lagunekoa

Espazio publikoetan ezingo dira sei pertsona baino gehiago elkartu eta etxe bakoitzeko bizilagunen artean "elkarbizitza burbuilak" sortzeko beharra ezarriko du. Bakarrik bizi diren pertsonen edo dependienteak direnen kasuan, "harreman egonkorren talde" horretako kide izan ahalko dira beren zaintzaileak ere, horri "burbuila handitua" deitzen dio eta burbuila horretatik kanpoko pertsonekiko harremana gutxienekora mugatzea ezarriko du.