Euskal Herriko herri guztietan elkartasun ekitaldiak antolatzeko eskatu du mugimenduak. Goizean, sindikatuen eta hezkuntza komunitatearen manifestazioak izango dira, eta arratsaldean herri guztietako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egitera deitu dute.
Plataformak esan duenez, Palestinaren aurkako indarkeria salatzeko mobilizazioak eta elkarlan soziala handitu egin dira azken urtean. Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko Euskal Herrian hainbat ekimen arrakastatsu izan direla azpimarratu du: “Euskal Herriak Palestinaren oihua munduan kokatzen lagundu du”. Hala ere, oraindik Israelen “bortxak eta inpunitateak” mugarik ez duela nabarmendu du. “Inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara”.
Taldeak gogoratu duenaren arabera, azken urtean 41.000 palestinar hil eta Gazako azpiegituren %70 suntsitu dituzte. "Ez dugu onartuko inoren lurraldea okupatzea", gaineratu dute, eta bakea eta justizia aldarrikatu dituzte nazioarte mailan. "Bake justu eta iraunkorra lortzeko elkarrizketa eta negoziazioa funtsezkoak dira".
Urriaren 7an eginiko agerraldian eta bileran alderdi politiko eta sindikatuen babes zabala jaso du Gernika-Palestinak. EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar eta Ezker Anitza alderdi politikoetako ordezkariak eta ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru eta sindikatuetako ordezkariak izan dira bertan. Halaber, babesa adierazi duten beste norbanako eta eragile batzuk ere izan dira, besteak beste, EHUko errektore ohi Nekane Balluerka, Ernai, Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua eta Euskal Herriko Bilgune Feminista. Mobilizazio masiboak eskatu dituzte "genozidioa gelditzeko eta irtenbidea aldarrikatzeko" helburuz.