Urriaren 20rako deituta dagoen "Orain presoak" manifestazioa azkenean Donostian izango da, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Antiguako tuneletik aterako da 17:00etan eta helburua "milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea" emateko eskatzea izango da.
Espainiako Barne Ministroak jakinarazi die Bilbon egun horretan Marathon Bilbao Night izango dela, eta bi ekimen jendetsu ezin direla leku berean egin, hainbat kale ordu luzez itxi beharko bailirateke. Arrazoi hori medio, mobilizazioa Donostiara aldatzea erabaki dute.
Irati Agorria eta Mikel Casado mintzatu ziren "Orain Presoak" dinamikaren izenean eta ondorengoa adierazi dute: "ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena".
Sareren webgunean, adierazpen osoa irakur daiteke. Irakurri dinamikako bi kiderekin ARGIAn egindako elkarrizketa: "Salbuespen legedia alde batera utzi behar du Espainiako Estatuak".
Mobilizazioa iragartzeko egin duten bideoa: