argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 16an Gosearen Aurkako munduko eguna ospatzen da
  • 1981ean Elikaduraren eta Nekazaritzaren Erakundeak (FAO ingelesezko sigla ezagunenetan) abiatutako Elikaduraren Eguna ospatzen da mundu osoan. Unanimitate itxura daukan Elikaduraren Mundu Eguna, ordea, ikuspegi ezberdinekin ospatuko dute batzuek eta besteek, berrikitan Bakearen Nobel saria eman dioten Elikagaien Munduko Programak eta egun hori Elikadura Subiranotasuna aldeko eta multinazionalen aurkako aldarrikapen ospakizun ikusten duen Via Campesinak.

     

ARGIA @argia 2020ko urriaren 16a

Elikaduraren Mundu Egunari aurten lelo hau ipini dio FAOk, Nazio Batuen Erakundearen atala denak: "Erein, elikatu, sostengatu, elkarrekin". 1981eko lehen edizioari "Janaria da garrantzitsuena" ipini zion ("Food comes first"). Mundu osoko 150 herrialdetako estatuek ospatuko dute modu ofizialean egun hau eta elikagaien ekoizpen eta salmentan nagusitasun osoa hartu duten agroindustriako handiek ere bai.FAO eta nazioarteko beste hainbat erakundek egunotan azpimarratu dute COVID-19 pandemiak asko handituko duela munduan gosea nozitzen duten jenden kopurua.

Horien aurrean, mundu osoko baserritar txikien erakunde asko biltzen dituen Via Campesina koordinadorak (bere baitan dauzkana Hego Euskal Herriko bi EHNE sindikatuak eta Iparraldeko ELB) mami aldarrikatzaileagoa eman nahi dio egunari, Elikaduraren Eguna bihurtuz Herrien Elikadura Burujabetzaren aldeko eta multinazionalen kontrako ekintza eguna. 2020ko edizioari ipini dioten leloa da: "Tokikoa ekoiztu, erosi eta jan dezagun". lekukoa.

Harare hiritik (Zinbabue) zabaldu duen mezuan dio Via Campesinak: "Jaten duguna gara. Gaur nabarmendu beharra daukagu nekazarien produkzioa, naturarekin elkarlanean lantzea, autonomia eta Elikadura Burujabetza aldarrikatzeko ekintza baino gehiago dela, badela ere gure produkzio sistemek eta elikatze ohiturek multinazionalen aldetik nozitzen duten zanpaketaren aurkako erresistentzia ekintza. Mundu osoan barrena laborarien erakundeek, herri indigenek, nekazaritzan ari diren langileek, lurrik gabeek, arrantzaleek, kontsumitzaileek, emakumeek eta gazteriak, denek dauzkate aurrean korporazio multinazionalek elikadura sistemen gain eragiten duten kontrola eta indarra".

"Ondasun komunak –dio aurrerago Via Campesinak– gizadiarentzako oinarrizkoak direnak eta naturaleza... horien kontrola gero eta kontzentratuagoa dago elite aberats baten eskuetan eta honek ondorio larriak dakarzkie herritar gehienei. Gero eta gehiago egiten dute monolabore handien nekazaritza intentsibo baten alde, berekin dakartzaten agrotoxiko eta pozoiekin, zeinek kalte eragiten baitiete nekazariei bezala lurreko biziari berari ere. Suntsiketa hau ageri da hainbat arazotan: lurren lapurreta, aire eta uren kutsatzea, meategien ugaritzea, janarien kutsatzea, biodibertsitatea galtzea eta, baita ere, nekazariak bezala herri indigenak eta beren liderrak asesinatzea. Aldi berean, klimaren krisia ere gero eta okerrago doa. Testuinguru honetan, elikagai osasungarriak ekoiztea, hurbileko saltokiak sustatzea eta dieta orekatu bat bultzatzea, horiek guztiak dira erresistentzia ekintzak bermatu dezaketenak berdintasunean, justizian eta duintasunean oinarritutako tokiko garapena".