argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 12ko ekitaldiagatik ikertutako gazteak deklaratzen hasi dira asteartean
  • Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratuko dute ostiralera bitartean, baina telematikoki egingo dute, Nafarroako Justizia Jauregitik. Han elkarretaratzea egin dute astelehenean hainbat lagunek, 'Adierazpen askatasuna' lelopean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko otsailaren 10
Asteleheneko elkarretaratzea, Nafarroako Justizia Jauregian (Argazkia: Euskalerria Irratia)

Koroaren aurkako delitua leporatu diete Nafarroako hamabi laguni, urriaren 12an Felipe VI. Espainiako erregearen eta Cristobal Colonen estatuak eraisteagatik, Sortuk eta nazioarteko hainbat elkartek antolatutako "Gora Herriak!" ekitaldian.

Urtarrilaren 12an ziren deklaratzekoak, baina atzeratu egin zuten. Halere, auziperatuek aurreikusten zuten otsailean deituko zituztela berriro, eta hala izan da. Astelehenetik ostiralera bitarte pasako dira epailearen aurretik, telematikoki, Iruñeko Justizia Jauregitik.

Han elkarretaratzea egin zuten asteartean, deklarazioen aurretik, 10:00etan, eta jendetza bildu zen gazteei babesa emateko, eta adierazpen askatasunaren defentsan.

Ez da elkartasuna jaso duten lehen aldia. Prozesua hasi zenetik ugariak izan dira babes keinuak, eta besteak beste, urtarrilean manifestazioa egin zuten Iruñean. Auzipetuak eskertuta agertu dira jasotako elkartasunarengatik.

Hasieratik salatu izan dute auziak “izaera politikoa” duela, kritika politikoa kriminalizatzen eta adierazpen askatasuna erasotzen duelako. Larritzat jotzen dute kritika politikoa egiteagatik Madrilera deklaratzera deituak izatea, salbuespenezko epaitegi batean.