argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 12ko ekintzengatik Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten gazteen auzibidea artxibatu dute
  • Otsailean deklaratu zuten Nafarroako hamabi gaztek Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina azkenean ez dute epaiketarik izan.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 17a

Espainiako Auzitegi Nazionalak koroaren aurka egiteagatik ikertutako gazteen auzibidea bertan behera uztea erabaki du. Urriaren 12an Sortuk antolatutako ekintza sinbolikoarengatik egon dira ikerketapean gazteak eta otsailaren 9tik 12ra bitartean deklaratu behar izan zuten. Deklarazioak telematikoki egin zituzten Nafarroako Auzitegi Nagusitik.

Berriak adierazi duenez, asteartean eman zuten auzibidearen itxieraren berria Iruñean egindako agerraldi batean. Ez direla isilduko adierazi zuten agerraldian. “Erabat sinetsita gaude adierazpen askatasuna gauzatzea dela askatasun hori lortzeko modua, eta horixe berresten dugu. Gaur eta bihar”. Prozesuan zehar eragile politiko, sindikatu eta herri mugimendu ugarik eman dien elkartasuna eskertu dute.   

Urriaren 12an Ernai eta Sorturen eskutik hainbat ekintza ezberdin antolatu ziren Hego Euskal Herrian zehar. Independentzia aldarrikatzearen aldekoak eta monarkiaren aurka, Ezer ez ospatzeko leloa erabilita. Gazteen arabera, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari ez zitzaien “gustatu” ekimena: “Protesta ekitaldia bera mehatxu ezberdinen bidez baldintzatzen saiatu ziren”.

Adierazpen askatasuna

Gazteen esanetan, ez da  berria hainbat boterek adierazpen askatasunarekiko duten “kontzepzioa”. Euskal Herrian urte luzeetan pairatu dugula salatu dute. “78ko erregimena zalantzan jartzen duen oro makineria polizial, mediatiko eta judizial osoaren jo puntuan dago. Are gehiago kritikaren helburua monarkia ukiezina bada eta kritika hori independentismotik baldin badator”. 78ko erregimena krisian dagoela azpimarratu dute, Espainiaren kalitate demokratikoaren eztabaidarekin batera.