argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 12an, ARGIAn ospatzekorik ezer ez

ARGIA @argia 2023ko urriaren 12a
2022an jaiegun izan zen irailaren 6a eta elkarretaratzea egin zuten Gasteizen, kolonialismoaren aurka. (Argazkia: ARGIA)

Amerikako jatorrizko herrien genozidioaren hasiera ospatzen da urriaren 12an, eta, ARGIAn ez dugu bat egiten jai egun horren atzean dauden ideiekin, ez dituztelako gure balioak ordezkatzen. Horregatik gaur, osteguna, lan egiten ari gara. Lasarte-Oriako egoitza zabalik dago eta webgunea ere normaltasunez ari gara elikatzen.

ARGIAn aspaldi hasi ginen gure balioetan oinarrituriko lan egutegia osatzen. Uztailaren 14 (Frantziako Egun Nazionala) eta abenduaren 6a (Espainiako Konstituzioaren Eguna) ere lan eguna dira guretzat, eta abenduaren 3a (Euskararen Eguna) jai ofizial bihurtu dugu.

Lan egiteaz gain, ospakizun horien atzean dagoena salatu eta beste ikuspegi bat ematea ere badagokigula uste dugu. 2019ko urriaren 12an, ARGIAren 100. urteurrenean, “Deskolonizatzeko Eguna” antolatu genuen Donostian, esaterako. Gaur, batetik, Martín Rodrigo y Alharilla historia irakasle katalanari berriki egin diogun elkarrizketa berreskuratuko dugu webgunerako (“Euskal Herria ere nabarmentzen da esklabotzari buruzko memoria-politika ezagatik”). Bestetik, eguna baliatu nahi dugu Palestinako herriari elkartasuna adierazi eta Israelen okupazioa salatzeko, iragan kolonialismo eta zapalkuntzen aurka gauden modu berean baikaude egungoen kontra.

Halako egutegi burujabeak eta egitasmoak bultza nahi badituzu, egin zaitez ARGIAko kide!