argia.eus
INPRIMATU
TTIP hitzarmen transatlantikoaren aurkako ekintza eguna urriaren 11n
  • TTIP Europar Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza hitzarmen transatlantikoaren aurkako ekintza eguna antolatu dute urriaren 11n Bilbon. Arriaga plazan egingo dute elkarretaratzea 12:00etan Komite Internazionalistak eta Ekologistak Martxan-ek deituta.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 10
TTIP akordioaren aurkako protesta Alemanian. (Argazkia: Martin Schulz)

Gaur egun negoziatzen ari diren TTIP, CETA, TISA eta komertzio askeko beste hainbat hitzarmen geratzeko eta pertsonen eskubideak lehenesten dituzten politika komertzial alternatiboak bultzatzeko helburuarekin antolatu dute ekintzen eguna. Antolatzaileek uste dute horrelako akordioek, demokraziarako, gizarterako eta ingurumenerako “arrisku” handia dakartela. Haien hitzetan, modu honetako itunak komertzioa eta inbertsioak “antidemokratikoki” eta korporazio multinazional handien “interes hutsera” negoziatzen ari direnaren adibide adierazgarriak dira.  

TTIP hitzarmenaren aurkako mugimenduek uste dute akordioak hainbat ondorio kaltegarri eragin ditzakeela, esaterako, ditugun osasun eta segurtasun estandarrak gutxitu, herri zein gobernuen agintaritza ahuldu eta frackinga eta transgenikoen erabilera bezalako praktika kaltegarriak areagotu.

Herritar, erakunde eta kolektiboak gonbidatu dituzte urriaren 11n goizeko 12:00etan Arriaga plazan egingo duten elkarretaratzera. Protestaren aldarrikapen nagusiak: demokrazia eskatzea, botere multinazionalei atzera eginaraztea eta irabazien aurretik pertsonak eta planeta jartzea izango dira.

Protestak Iruñean

Gune hitzarmenaren sinatzaileek elkarretaratzea egin dute Iruñeko Santo Domingo merkatuan TTIP akordioaren aurka. (Argazkia: @AhotsaInfo)

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/gune.jpg