argia.eus
INPRIMATU
Urrian hobetu eta indartu zure immunitatea
  • "Kanpora begira" bizi izan garen udararen ondoren, udazkenak geure buruarekin berriro konektatzera, errutinara itzultzera eta bertan nola sentitzen garen entzutera gonbidatzen gaitu. Eta udazkenean zer behar dugu osasuntsu eta energiaz beteta sentitzeko? Garaiko jakiek gorputzari energia ematen diote, neguko hotz eta hezetasunera prestatzeko.

Amaia Diaz de Monasterioguren Osinaga 2024ko irailaren 30

Udazkenean lehentasuna gorputza barrutik eta konpotik ondo babestea da,  negura indartsu eta osasuntsu iristeko.   Tenperaturak behera doaz apurka apurka. Beraz, birikak eta immunitate-sistema indartzen duten jakiak eraman behar ditugu platerera. Hauek dira udazkeneko ezinbesteko barazki eta frutak: mahats beltza, pikua, piperra, baratxuria eta tipula.

Arreta jarriko diegu  kolore more eta zuria duten barazki eta fruituei: hauek lagungarriak dira arnas aparatu, birika, heste lodi, larruazal eta ilerako.  Arnas aparatu eta birikak zaindu eta indartzeko  baratxuri eta tipulak bereziki garrantzitsuak dira gure plateretan.   Zapore pikanteak mesede egiten die.  Gainera, gorputza behar bezala ureztatuta izateak garrantzia handia dauka. Beraz, berakatz zopa eta tipula saldak behar ditugu gure menuetan. 

Defentsak indartsu  izateko,  hesteetako mikrobiota sendo egotea komeni da.  Barazki hartzituak probiotiko  interesgarri eta baliotsuak dira.  

Kolore moredun fruitu eta barazkiek   antioxidatzaile eta sustantzia fitokimiko ugari dituzte eta organoen zahartzea leuntzen dute. Lagungarriak dira inflamazioaren aurka, gernu-bide eta prostatarentzat bereziki.

Ez ahaztu, sukaldean prestatzeko modua zaindu beharra daukagula: organismoak elikagai epelagoak eta energetikoagoak eskatzen ditu,  negurako trantsizioan laguntzeko. Saldak, kremak, zopak, lapikokoak eta erregosiak  prestatzera animatzen zaituztet. 

Intxaurrak eta hostoak

Hilabeteroko nire artikuluan arreta jarriko diodan intxaurrondoa zertan dabil? Bere fruituak oparitu dizkigu: intxaurrak, udazkeneko altxorretako bat. Aberatsa da omega-3 gantz azidotan, proteina, zuntz, antioxidatzaile, bitamina eta mineraletan.

Eta hostoekin intxaurrondoak zer egiten du? Bota egiten ditu edo erori egiten zaizkio? Hostoek egin dute beraien funtzioa eta orain momentua da intxaurrondoak behar ez duena, balio ez duena kentzeko, botatzeko, uzteko. Eta energia sustraietara bideratzeko.

Eta gure emozioak eta pentsamentuak nola daude udazkenean? Eragina al dute zer, zenbat, noiz eta zeinekin jaten dugun? Udazkenean gutako askori, tristurak harrapatzen gaituenean, lagundu egiten digute naturarekin bat egiteak, garaiko janariak eta gorputzaren zaintzak.

Ikasi gorputza entzuten eta babesten  sasoiko jakiekin. Sasoitu eta osotu babesteko.