Urre karrakatzaileak ba omen ditugu Ezpeleta eta Kanboko parte hortan. Gose hori ez da gaurkoa. Erromanoen garaian ba omen ziren jada urre meategiak bai Mundarraingo paretan, bai Itsasuko Mehatsetan, komuzki "camp de César" deitzen den tokian.
Munduko mitologi guzietan bezala, lur azpiko lanak eta langileak sinesmen eta ipuin bihurtu ziren. Mundarrainen, erromanoen esklaboak lamin bilakatu ziren, injeniurra basandere, eta berriki arte kondatzen zen Ezpeletan tunel bat ba omen zela Mundarraingo kaskotik Ezpeletako gazteluraino.
1858an, Duvoisin kapitainak “Cambo et ses alentours” liburuxkan kondatzen zuen XVIII. mende undarrean omen gertatu balentria. Ezpeletako inguruetan urre fama bazela entzunik, hiru lagunek urre hori aurkituko zutela egina zuten. Bainan, xinatarrek erran lezaketen bezala, tiroak entzun ziren hiru horiek sortu zirelarik, erran nahi baita bolbora etzutela berek asmatua. Miaketak larriki eta gaizki eginik, etzuten fitsik aurkitu. Etsiturik,
Hegoaldeko partean bildu zituzten bi azti, sorginkerian bidez bederen urre madarikatu horren kausitzeko. Aztiek baietz, bainan kontratuan addendum berezi bat gehituz hizki ttipietan: gizaki bat sakrifikatu behar omen zioten debruari delako urrea nun zen jakiteko.
Gure hiru lagunek Ainhoan Pitchon deitu soldado ohi erromes bat bildu zuten xede hortarako, bainan delako Pitchon, azeri horrek bertze buztanik bazuela hautemanik, eskapatu zitzaien. Mugaz bertzaldean bildu zuten bertze gizon herresta bat. Bainan sorginek beren errituala hastekotan zirela eta, gaitzeko ortzantza hasi zen, aire gaixto, ximista, eta denak eskapatu omen ziren iziturik.
“Le fait est historique” zion 1883an Le journal de Saint-Jean-de-Luz petit Paris kasetak, zoinek berriz kondatzen zuen Duvoisin-en ipuina Ezpeletako kaolin, feldspath eta burdin meategien berriz irekitzea aipu zelarik. Hala balitz eta ez balitz, beti ere kasu, eltzea urrundik urrezko iduri, hurbiletik lurrezko ageri.
[Laborari aldizkarian argitaratutako artikulua]