Faxisten eta antifaxisten arteko talkak ezohiko irudia utzi du asteartean Atenasen Urrezko Egunsentiaren kontra egiten ari diren epaiketan. Eskuin-muturreko kide horiek 2008an ekitaldi anarkista baten kontra egindako erasoa epaitzen ari dira, alderdi osoaren kontrak epaiketaren baitan. Ekitaldi anarkistan erasoa jaso zutenek, ordea, ezin izan dute beren deklarazioa amaitu. Sortu diren istiluen ondorioz epaiketa eten egin behar izan dute, eta epaileek aretotik alde egin behar izan dute.
Enough is enough webguneak jaso du hamarnaka lagun gerturatu zitzaizkiela epaitegira deklarazioa eman behar zuten anarkistei babesa adieraztera, baina poliziaren hesia saihestuz soilik hogei inguruk lortu zutela sartzea. Urrezko Egunsentiaren jarraitzaile ugari, ordea, aretoan bertan zeuden. Keep Talking Greece egunkariaren arabera, haiek hildako pertsona baten amari irainka eta “odola, ohorea eta Urrezko Egunsentia” bezalako oihuak egiten hasi ziren. Anarkistek oihuekin eta ur botilak jaurtiz erantzun zioetn horri, eta bi taldeak oldartu ziren. Polizia bien artean sartu eta talde anarkista kolpeka kanporatu zuen; anarkistek su itzalgailuak erabili zituzten poliziari aurre egiteko.
Urrezko Egunsentiaren kontrako epaiketa 2015eko apirilean hasi zen. Besteak beste, antolakunde kriminala sortu, bertako kide izan, eta jarduera kriminalak gauzatzeagatik Urrezko Egunsentiko 69 kide epaitzen ari dira, tartean alderdiko hainbat parlamentari. Taldearen kontrako epaiketaz gain gertakari zehatzak ere epaitzen ari dira. Horien artean, 2008ko ekitaldi anarkista horren kontrako erasoa, eta Pavlos Fyssas (“Killah P.” gisa ezaguna) raperoaren hilketa 2013ko irailean. Gertaera horren ondoren atxilotu zuten Urrezko Egunsentiaren buru Nikos Michaloliakos, eta taldearen kontrako epaiketa abiarazi zuten.
Ostegunean jarraituko dute epaiketarekin, baina ez dute epaitegietan egingo, Atenaseko Korydallos kartzelan espresuki muntatutako areto batean baizik.