Greziako Urrezko Egunsentia alderdiko hainbat kideren atxiloketaz gogoeta egin du Nikos Konstandaras Atenasko kazetariak, Courrier international hedabidean. Bere hitzetan, "Greziako agintariek kolpea eman dute erailketagatik susmagarri diren alderdi neonaziko hainbat agintari eta militante atxilotuta, baina horrek ez ditu herrialdearen arazoak konpontzen".
"Urrezko Egunsentiaren aurka hain berandu jotzeak ordain garestia ekarri du, tartean hainbat erailketa (eta alderdiko kideek parte hartu dute horietan), eta Greziaren izen onari eragindako lotsa, gure gobernuak chauvinismoa eta biolentzia toleratzen dituela baitzirudien. Hala ere, ekintzetara pasa direnean, gobernuko agintariek, poliziak eta epaileek azkar eta konfiantzaz egin dute".
"Demokraziak erakutsi behar du berau zanpatzeko prest daudenen aurka egiten duenean berdintasun eta gardentasunez jokatzen duela (...) Halaber, prozesuak argi utzi behar du erailketen aurka egiten duela, ez ideien aurka".
"Urrezko Egunsentiko liderren atxiloketak inpaktu sakona izan dezake Greziako bizitza politikoan. Kontua da nola erreakzionatuko duen oposizioak: ausart eta arduratsu arituko dira, ala epe laburrean egoerari etekina ateratzeko ahaleginak egingo dituzte?"
"Krisiak arazo asko azaleratu ditu gure herrialdean. Urrezko Egunsentiaren igoera da larriena, baina garrantzitsuena zera da, hein handi batean lagundu duela ezkutatzen gure ekonomiak, gure gobernuak eta gure gizarteak bizi dituen zailtasun nagusiak".