argia.eus
INPRIMATU
Urretxuko Santa Kutz hotela okupatu duten gazteen idatzia
  • Okupa talde bat Urretxuko Santakutz hotelean sartu da. Luxuzko hotel hau joan zen hamarkadaren erdialdean ireki zuten, baina jabeak ezin izan zion inbertsioari aurre egin. Egun, Kutxabank da eraikinaren jabea. Horra hor beraien idatzia:

Otamotz @otamotz 2017ko apirilaren 26a

Azken urteotan hutsik egon den Santa Kutz etxea biziberritzen ari den gazte taldea gara.

2016ko abuztuan Urretxu-Zumarragako lagun talde bat herrian bizitzeko etxebizitza bila hasi ginen. Alokairu altuak, hipotekak… segituan ohartu ginen etxebizitza baten aukera ez dagoela denon esku.

Honen aurrean, bide berri bati ateak ireki nahian, hutsik zeuden etxeak begiratzen hasi ginen. Ohartu ginen gure herrian pentsatzen genuena baino etxe huts gehiago daudela, eta hauen egoerak urteak aurrera egin ahala okerrera egin duela.

Santa Kutz da urte hauetan hutsik egon den etxeetako bat. Hau dela eta, sartu garen momentuan hezetasunak hartuta, sabai zatiren bat erorita, ateak hautsita, kanpoko parking eta sarrera guztiak zaborrez beterik, etab. aurkitu ditugu.

Gure asmoa etxebizitza arazoari alternatibak eraikitzeaz gain, etxe hau arduraz zaintzea da, bertako bizilagunak errespetatuz eta ahal dugun heinean herriari eskaintza ezberdinak zabalduz. Oraingoz, bertan garbiketa lan itzela burutu dugu eta konponketa lanetan ari garen arren edonor gonbidatzen dugu etxea ikustera.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei, gurekin izan duten jarrera eta adeitasunagatik. Gure berri izango duzuelakoan.

Ondo izan!!

Albiste hau Otamotz Urretxu eta Zumarragako atari digitalak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra