argia.eus
INPRIMATU
Urretxindorra Mentoretza proiektuak seigarren ikasturteari ekingo dio
  • Arazo emozionalak edo harremanak garatzeko zailtasunak dituztelako laguntza behar duten atzerritar jatorriko gazteek (10-14 urtekoek) unibertsitateko ikasleekin denbora librea partekatzea da Urretxindorra egitasmoaren helburua. Seigarren ikasturtea du hau.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 09a
Urretxindorra proiektuan parte hartu dutenetako batzuk

Irailaren 18an zabaldu zuten unibertsitateko ikasleek izena emateko epea. Ikasturte hasieran Euskal Herriko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean ere ekitaldiak eta tailerrak egin zituzten proiektua zabaltzeko eta ikasle unibertsitarioak parte hartzera animatzeko.

SOS Arrazakeria plataformak bultzatutako ekimena 2014tik dago martxan eta denbora honetan 117 bikotek hartu dute parte proiektuan.

Autoestimua indartzea helburu

Ikasturte honetarako 40 bikote inguruk parte hartzeko programazioa dute egina. Donostia, Hernani, Errenteria, Urnieta eta Tolosako dozena bat ikastetxerekin bideratuko da proiektua. "Ez kasu gutxitan, diferentziarekiko beldur, herstura eta segurtasun faltarekin bizi dute neska-mutilek migrazioa. Hortxe esku hartzen du, hain zuzen ere, programak, adin txikikoen autoestimua indartuz eta beren baliabide pertsonal eta sozialak zabaltzea areagotuz", diote SOS Arrazakeriatik.

"Aldi berean, mentore boluntario gisa parte hartzen duten ikasle unibertsitarioek ikasturtea erantzukizun estra batekin bizi dute, eta horrek haien enpatia eta solidaritate-gaitasuna sendotu egiten du". Izan ere, gaztetxoenentzat ez ezik, mentore lanak egiten dituzten unibertsitateko ikasleentzat ere ikasketa prozesu bat da, "egoera eta errealitate oso ezberdinak bizi dituzten pertsonenganako jakintza, ulermena eta enpatia" garatzeko aproposa.

Gaiaz gehiago:

Gazteak ume migranteei bidea errazten