argia.eus
INPRIMATU
Lapurdin urrea ustiatzeko urratsak eman nahi ditu enpresa batek baimenik gabe
  • Jarraipen batzorde bat sortu nahi du, Frantziako Gobernuaren baimenaren zain dagoen bitartean. Ekimena “maskarada” dela salatu dute aurkakoek.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 09a
Gorriz markatutako eremuan aritzeko baimena eskatu du Sudmine enpresak. Argazkia: CADE environnement

“Tokiko hitzartze eta jarraipen batzordea” sortzeko batzarrera deitzen duen gutun bat helarazi die Sudmine ustiaketa enpresak Lapurdiko 11 herritako hautetsi eta eragileei. Ostiralean biltzeko gonbita luzatzen du idatziak, eta enpresak Euskal Herrian dituen proiektuen inguruko azalpenak ematea du xede.

Sudminek, baina, ezin du horrelakorik egin, StopminesEH elkarteak salatu duenez. Izan ere, eskaria luzatu arren Frantziako Gobernuak ez dio meategia eraikitzeko baimenik eman oraindik, eta hori dela eta ezin du ofizialki halako egitasmorik abiatu.

Gauzak horrela, enpresaren “maskarada” salatzeko elkarretaratzera deitu dute StopminesEH eta CADE elkarteek. Ostiralean bertan izango da, arratsaldeko 18:00etan, Senpereko pilotalekuan. Bi elkarteetako kide den Martine Bouchetek Ipar Euskal Herriko Hitzan adierazi duenez, enpresaren nahia “Frantziako Ekonomia Ministerioaren aurrean normaltasun itxura ematea” da. Horrez gain, batzarrean hitzarmen bat sinarazteko enpresak duen asmoa salatu du Bouchetek.

Dagoeneko uko egin dio zenbaitek batzarrera azaltzeari. Tartean dira, besteak beste, Catherine Seguin suprefeta, Colette Capdevielle eta Sylvaine Alaux diputatuak eta Errobi herri elkargoko auzapez guziak.

Mota honetako ustiaketek sortu dezaketen kalteaz ohartarazten du CADE elkarteak bere web orrian: Itxuraz, lurpeko ura kutsatzen du ustiaketak, baina hasierako esplorazioetan merkurioa, artsenikoa eta sodio zianuroa erabili ohi dira.