Mediterraneoak (2,5 milioi km2) baino milioi bat kilometro karratu gehiagorekin, Txina Hegoaldeko Itsasoa da, zalantzarik gabe, gaur egun jendetzen ehorzleku bihurrarazi dugun Mare Nostrum-aren oinorde geopolitikoa, etorkizunean ez ezik oraintxe bertan.
Erratzeko arrisku handirik gabe aurresan liteke ekialdetik Taiwan, Filipinak eta Bruneiko irlak, hegoaldetik Indonesiako uharte nagusietako batzuk, eta mendebaldetik asiar kontinentearen hego-ekialde guztia duen horretan gertatuko direla XXI. mendeko gertakari nagusi asko. Munduko merkataritza-bide funtsezkoenetakoak handik doazelako jada. Mendetan, Mediterraneoan gertatu zen bezala.
Itsaspean leudekeen ondasun naturalak gutxienekoak dira bere kokapenak ingurune osoari ematen dion garrantzia estrategikoarekin alderatuta. Ez da batere harrigarria, beraz, Txina Hegoaldeko Itsasoko uharte, uharri, hareatza ugariak munduko lehiatuenak izatea. Legebidez nahiz eginbidez. Tirorik gabe, oraingoz. Baina Txinak pasa den hamarkadan abiarazitako “irlagintzak” bezala, etorkizunean zer gerta daitekeen aurreikustea zailtzen duten ekimenekin.
Horregatik jarri behar genioke arreta gehixeago arestian Scarborough Shoal / Huangyan Dao / Bajo de Masinloc deituan gertatu denari (eta, itxura guztien arabera, gertatzear egon daitekeenari). Izenez hain oparoa den uharritzak, itxuraz, ez du beste munduko izana: mareagoran itsas-gainean apenas ageri diren haitz-punta batzuk; hori bai, urpean, metro gutxiko sakoneran, atoloi-egitura handia (55 kilometroko perimetroa duena, erdian sakontasun handiagoko urmael galanta duela).
Filipinen EEES-ren 200 milien barruan dagoen arren Txinak nahiz Taiwanek ere erreklamatzen duten esparruan dagoenez, eta haren egitura ikusita, nornahiri bururatzen zaion lehen galdera da zergatik ez ote zuen Beijingeko gobernuak hura hobetsi dezente hegoalderago, Spratley uhartediko Mischief Reef / Meiji Jiao / Paganiban Reef antzeko atoloian ia ezerezetik eraiki duen irla eratzeko.
Erantzunak askotarikoak izan daitezke (eta zailtasun teknikoak ez lukete gutxiesgarrienak izan behar). Baina bada bat mapa malapartatuak begietatik sarrarazten dizuna: Manilako badiatik 180 milia eskasera dago Scarborough edo delako atoloia. Eta Subic badiatik 150 milia baino gutxiagora.
Gaur egun, ofizialki, Subic-en base iparramerikarrik ez badago ere, edadetuenek gogoan izango dute handik egin zela, hein handi batean, Vietnameko gerra. Eta Marcos Jr.-ek daraman joairarekin, ez litzateke harritzekoa berriro hamarrera ekitea.
Kasu horretan, Scarborough atoloiko gorabeherak beste fase batean sartuko dira, ziur. Haren benetako balioa orduan ikusiko delako.