argia.eus
INPRIMATU
Eneko Gorri
Urratsek egiten gaituzte
  • 7.000 lagun bildu ginen Baionan, iragan maiatzaren 4an, Ikastolen kexua ozen adierazteko. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko 36 ikastolak alerta gorrian dira. Zenbait egunez mobilizazio jendetsu eta koloretsuarekin erantzun diete haur, guraso, irakasle, langile eta euskaltzaleek beste behin Parisetik datorren jazartzeari.

Eneko Gorri Gantier 2018ko maiatzaren 08a
"Lehen erakustaldia danborrada izan da. Bigarrena Herri Urrats izango da. Eta beste batzuk izanen dira, irabazi arte".

Aldi honetan irakasle postuak dira jokoan. 230 ikasle gehiago izanen dira ikastoletan datorren ikasturtean, 25 irakasle postu sortzeen beharra eraginez. Baina martxoan, Akademia ikuskariak Seaskari jakinarazi zion irakasle gehiagorik ez zela izanen.

Irakasle postu eskasak hezkuntzaren kalitatean izanen du eragin zuzena eta ikastolen 2/3a hunkitua izango da. Konkretuki, irakasle gutxiagorekin ikasle gehiago metatuko dira ikasgelaka. 45 ikasleko gelekin, arreta gehien behar dutenak izango dira lehen kaltetuak: ahalmen urriko haurrak hasteko, ikastolatik kanpo euskararik entzuten ez duten ikasleak ondotik, eskola-zailtasunetan direnak bukatzeko.

Irakasle postu eskasak hezkuntzaren kalitatean izanen du eragin zuzena eta ikastolen 2/3a hunkitua izango da. Konkretuki, irakasle gutxiagorekin ikasle gehiago metatuko dira ikasgelaka

Funtsean, Estatuaren piko hori iraganeko serie luze baten segida besterik ez da. Atzo, Falloux legearen mamua astinduz, ikastolak baliabide publikoekin laguntzea oztopatzen zuten. Gaur azterketak euskaraz aurkeztea beti debekatzen diete. Bihar, sortu beharreko irakasle postuak izoztu nahi dituzte. Gibeleratze pixka batekin, maleruski estrategia erabat koherentea dirudi. Oroit: Macronek korsikeraren ofizialtasunari atea bortizki itxi zion, prefetak hizkuntza politika publikoari aiherkunde handia erakusten dio, justiziak “~” duten euskal edo bretoierazko izenak ez ditu ezagutzen... gure hizkuntzak jomugan dira Pariseko goi funtzionario eta erabakitzaileentzat. Eta euskarak duen transmisio kanalik eraginkorrena, gaur egun Ipar Euskal Herrian, ikastolak dira.

13.500 ikaslek ikasten dute euskara(z) eskoletan. %25ak ikastoletan eskolatuak dira, eta beste %75ak ikastetxe publiko edo giristinoetan ordu parekotasunean edo 3-6 urte artean irakaskuntza denbora osoa euskaraz segituz. Azken 20 urteetan, euskararen familia transmisioa 10 puntuz apaldu da gure lurraldean. Testuinguru horretan, eredu guziak (ikastola, publikoa, giristinoa) beharrezkoak dira... baina hizkuntzaren transmititzeko bakarra da eraginkorra. Haurrak erabat euskalduntzen dituen eredu bakarra ikastola da. Egiazko murgiltzea proposatzen duen eredu bakarra ikastola da. Eta azken 13 urteetan %80eko hazkundea duen eredu bakarra ikastola da. Hori guzia Parisen badakite.

Aldiz, Parisen hain argi ez dutena herri honek ikastolekiko duen atxikimendua da. Lehen erakustaldia danborrada izan da. Bigarrena Herri Urrats izango da. Eta beste batzuk izanen dira, irabazi arte. Irabaziko baitugu bataila hau ere. Baina laster, autodefentsan xahutzen dugun energia ez baitugu alternatibak sortzen igarotzen. Alta, autodefentsak egiten gaitu azkar, baina alternatiba sortzeak libre!