argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Urrats txikietarako garaiak

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko irailaren 13a
Iñigo Urkullu eta Pedro Sánchezen arteko bilera bat Moncloa Jauregian, Madrilen. (Argazkia: Moncloa)

Espainiako egoera politikoari begira, pentsa daiteke hango alderdi nagusiek urteetan beharko dituztela periferia abertzaleen botoak Madrilen gobernuak eratzeko. Horrek eman dezake aukerarik Espainian plurinazionaltasunaren bueltan bestelako urratsik emateko? Testuinguru horretan dator Urkullu lehendakariaren konbentzio konstituzionalaren proposamena. Eta zer da? Funtsean, une hau baliatzea Espainiako Kongresuan gaiaz hitz egiteko eta 1978ko marko konstituzionala gainditzeko, alor ekonomikoan euskal lurretan dugun hitzarmen ekonomikoa, esparru politikora ere eramanda.

Egiazki, nazio auziaren gainean azken bi hamarkadetan jeltzaleek egin duten proposamen epelena da. Bestelako testuinguru politikoetan askoz eskaintza borobilagoak plazaratu ohi dituzte: 2001ean Ibarretxe plana, 2006an Loiolako elkarrizketetan adostutakoa, 2008an Ibarretxeren kontsulta, 2014an Estatutua erreformatzeko proposamena, 2018an bilateraltasun politikoa...

Tira, oraingoa ezin da aipatutakoekin konparatu, baina Alderdi Egunaren atarian eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ate joka, eskaintza herabeagorik ezin da plazaratu. Kontraste gisa, Kataluniatik amnistia, erreferenduma eta autodeterminazioa aipatzen dira PSOEkiko elkarrizketa horietarako. Euskal Herritik, aldiz, ia ontzat ematen da Sánchezekiko akordioa, jakinik alternatiba askoz okerragoa dela.

Itxuraz, Kataluniako independentismoak, Juntsek bereziki, baliatu nahi du politikak eman dien abagune berezi hau, erbesteko kapitulua duintasunez eta indarrez ixteko, eta mugimendu independentista beste etapa batera eramateko. Ez da txantxetako lana, ikusi besterik ez proces-a altxatu zuen independentismoaren zatiketa egoera zein den.

Betor katalanek negoziatu nahi duten amnistia, Katalunian oraindik milaka pertsona dago errepresioaren mehatxupean eta. Hala ere, han ez dago inor espetxean. Euskal Herrian, ETAk armak utzi eta hamahiru urtera, oraindik 150 bat preso dira eta hogei bat erbesteratu. Aurreko legealdia sakabanaketaren amaierarena izan bazen, aurtengoak beharko luke behin-behinekoz gehienak kaleratzearena. Mende erditik gora iraun du ETAren kapituluak Euskal Herrian, eta orrialde hori guztiz pasatu gabe dago. Horrek oraindik eragin handia izango du nazio auzia berriz konfrontazioaren esparrura eramateko. Ezker abertzalea estrategia instituzionalean dago, arrakastaz gainera, eta herri mugimenduan  oraindik ez dago ekimen indartsurik bestelako bideak eraikitzeko.

Demokraziaren ikuspegitik beti litzateke ongi etorria Espainiako Estatuaren izaera plurinazionalean aurreratuko lukeen edozein konbentzio konstituzional,  baina perspektiba historikoa duen edonork irudika dezake horretan ere ez dela aurrerapauso esanguratsurik emango mugimendu soberanisten gizarte bultzada handirik gabe. Akordioak goraipatuta, 1978ko trantsizio giroa aipatzen da sarri, baina ez horrenbeste orduan zegoen presio giro itzela. Orain, izatekotan, urrats txikietarako garaian gaude.