argia.eus
INPRIMATU
“Urrats horrek erraztu beharko luke espetxe-politika normalizatua aplikatzea motibazio politikoko delituengatik kondenatutako pertsonei”
  • Foro Sozialak "beharrezko urrats" gisa definitu du Espetxe eskumena Jaurlaritzaren eskutara aldatu izana eta "birgizarteratze-plan bat" definitzea eskatu du, "presoei banakako birgizarteratze-ibilbidean (3. gradua eta gizarteratze prozesua) laguntzeko".

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 11
Argazkia: Foro Soziala.

Egungo testuinguruan, transferentzia hau "beharrezko urrats gisa" baloratu du Foro Sozialak: "Lehenengo fasean konpondu gabe zeuden hiru gaiak ziren urruntze politikaren eta lehen graduaren amaiera eta espetxeen transferentzia; eta hauek ixteak aukera emango du, era berean, bigarren faseari heldu ahal izateko eragile desberdinek duten borondate politiko osoa egiaztatzeko, auzi honi behin betiko konponbidea emateko behar den konfiantza-giroa sortuz".

"Birgizarteratze-plan bat definitu behar da"

Foro Sozialak eskatu du "birgizarteratze-plan bat" definitzea, erakunde publikoek gidatuta eta eragileekin adostuta. Plan horrek "presoei banakako birgizarteratze-ibilbidean (3. gradua eta gizarteratze prozesua) laguntzeko" aukera eman beharko liokeela azaldu du.

Zera gehitu du, eskualdaketaz: "Urrats horrek erraztu egin beharko luke espetxe-politika normalizatua aplikatzea motibazio politikoko delituengatik kondenatutako pertsonei, eta oraindik indarrean dauden salbuespenezko neurriekin amaitzea", gehitu du.

Foro Sozial Iraunkorrak adierazi du presta dagoela "diagnostikoak egiten, esperientziak partekatzen, gomendioak egiten eta beharrezkoak diren errazte-lan diskretuak egiten jarraitzeko".