Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok ohar bidez azaldu du Gipuzkoako Aldundiak Gure Esku Dagori 100.000 euroko laguntza emateko erabakiari helegitea jarriko diola. Bere esanetan "sezesioa sustatzen" duelako eta hori ez delako foru erakundearen ardura.
Subentzioa Bilduk eta EAJk adostu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2013ko abenduan, aurtengo aurrekontuak onartzeko negoziazioen baitan. Aurrekontuak 2014ko otsailaren 4an argitaratu ziren aldizkari orokorrean, baina laudioarrak ez du gaur arte haren kontrako ekinbiderik hasi. Hain justu atzo sartu zen Gure Esku Dago dinamika ekainaren 8an giza katea egin aurreko azken txanpan.
Urquijok uste du erabakitzeko eskubidea "eufemismo" bat dela independentzia defendatzeko, eta argi utzi du "Espainiako zati batek, Euskadik kasurako, ez duela guztiaren gaineko 'erabakitze eskubiderik'". Antzeko laguntzak eskaintzeko asmoz dabiltzan erakunde publikoei ere mehatxu egin die, esanez legea urratuko luketeela.