argia.eus
INPRIMATU
Urola Bizirik elkarteak salaketa jarri du, Loizubi erreka inguruan legez kanpoko birziklatzea gauzatzen ari direlakoan
  • Duela urte batzuetatik, Loizubi erreka inguruan bada itxuraz metalak birziklatzera bideratutako eremu bat. Urola Bizirik elkarteak salaketa jarri du gipuzkoako fiskaltzaren aurrean, bertako jarduera legez kanpokoa den ala ez argitzeko.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 22a
Loizubi ibaiaren inguruak

Urola Bizirikek salaketa jarri du gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean, Azkoitiko Loizubi erreka bueltan "ingurumenari eragiten dioten" legez kanpoko birziklatze eta errausketa jarduerak gauzatu direla uste dutelako. Elkarteak uste du jarduera eta berorren ondorioak delitu izan daitezkeela, eta fiskaltzari eskatu dio gaia argitzeko eta, halakorik balego, erantzukizun penal eta zibil posibleak zehazteko. 

Urola Biziriken arabera, kaltetutako eremuko hainbat elkarteko kideren eta bizilagunen arabera, Loizubi erreka inguruan bada duela urte batzuk, itxuraz metalak birziklatzen dituzten eremu bat. Azpimarratu dute "ez dakitela jarduera horiek legez ezarri dauden edo ez", baina zalantza egiten dute ingurumen protokoloari jarraituz egiten ote diren.

"Pandemiaren aurretik astean behin edo bi astero errausten zituzten bertako hondakinak, eta orain ia gauero egiten dute errausketa", adierazi dute. Ondorioz, salatu dute inguruko baserrietako bizilagunek goizero arnastu ezinezko ke trinko bat aurkitu ohi dutela, hondakin sintetikoen usain handia duena. Eremu horretan egindako jardueren ondorioz, kalte larriak jasan dituzte bizilagunek, eta, haien ustez, "birziklatze jarduerak Loizubi errekaren lurzoruan, landaredian edo uretan inpaktua murrizteko neurri egokirik hartu gabe egiten ari dira". Elkarteak azkoitiarrei gonbidapena luzatu die bertatik buelta bat emateko, Gipuzkoako Ingurumen fiskaltzaren aurrean salatutakoa beren begiekin ikusteko.