argia.eus
INPRIMATU
Urola bailarako hainbat eragilek mendi martxak eta hitzaldiak antolatu dituzte “parke eolikoen kalteak ezagutarazteko”
  • 101 arrazoi mendietan zentral eolikorik ez eraikitzeko leloa izango du egitasmoak, eta hain justu, halako proiektuek ingurumenean, elikadura burujabetzan eta ondare arkeologikoan dituzten kalteen berri ematea dute helburu antolatzaileek. Anaitasuna Mendi Bazkuna, Sokaitz eskalatzaile taldea, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Agiro Mendi Kluba, eta Oletan ere ez! eta Sañu Bizirik! taldeak dira antolatzaileak. Urtarrilaren 11n hasi eta maiatzaren 4ean amaituko da.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 11
Urola bailarako hainbat eragilek \'101 egitasmoa\' antolatu dute zentral eolikoen aurka. /Argazkia: Uztarria

Urola bailaran (Gipuzkoa) jarriko dituzten parke eolikoen aurka, hainbat eragilek mendi martxak eta hitzaldiak antolatu dituzte '101 arrazoi mendietan zentral eolikorik ez eraikitzeko' lelopean. Antolatzaileek azaldu dute halako mega proiektuek ingurumenean, elikadura burujabetzan eta ondare arkeologikoan dituzten kalteak herritarrei ezagutaraztea dela egitasmoaren helburua: "Inolako interes milioidunik gabeko adituen ahotik", nabarmendu dute, tokiko hainbat hedabidek jaso dutenez

Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkuna, Azpeitiko Sokaitz eskalatzaile taldea, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkuna, Zestoako Agiro Mendi Kluba, Oletan ere ez! taldea eta Sañu Bizirik! taldea dira antolatzaileak.

Urtarrilaren 11n hasi eta maiatzaren 4ra bitartean mendi martxa eta hiru hitzaldi finkatu dituzte, baina hitzordu gehiagotarako ateak irekiak utzi dituzte. Besteak beste, urtarrilaren 11n, asteazkena, 'Análisis crítica de la transición energética' hitzaldia eskainiko du EHUko ikertzaile eta irakaslea eta Ingenieritza teknikoan doktorea den Alvaro Camposek, Azkoitiko Elkargunean 19:00etan.

Lehenengo mendi irteera datorren astean izango da, hilak 22: Azkoitiko Oleta mendira joatekoak dira eta bertako estazio megalitikoan bisita gidatua antolatuko dute.