argia.eus
INPRIMATU
Urkuluko dorrearen misterioa
  • Udazkeneko lainoen artean, Aezkoa eta Garazi arteko bortu-gain batean, Urkuluko dorrea dago. Misterioetan bilduta, zalantza ugari dago eraikuntzaren jatorriaren eta funtzioaren inguruan.

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko urriaren 16a
Urkuluko dorrea. Pompilus / Wikimedia CC BY-SA

Orain gutxi arte, teoria zabalduenek esaten zuten erromatarrek eraikitako garaikurra zela, K.a. I. mendean eraikitakoa baskoien lurraldea bereganatu zutela ospatzeko. Hipotesia Jean-Luc Tobie-ri zor diogu eta 1976an argitaratu zuen lehen aldiz. Urte batzuk beranduxeago, 1989 eta 1991 artean, mugaren bi aldeetako arkeologoek osatutako talde batek hipotesi hori frogatzen saiatzeko hainbat indusketak egin zituen. Kanpaina horietan dorrearen inguruak indusi zituzten. Napoleondar Gerren garaiko aztarna batzuez gain, ustezko themenos bat aurkitu zuten, aldare moduko bat, monumentua kontsakratzeko erabili bide zena. Alabaina, egitura horiek datatzeko zailtasunak izan zituzten, ez baitzuten erromatar garaiko material arkeologikorik aurkitu eta aldareko ikatz-aztarnak karbono-14aren bidez datatzera bidali bazituzten ere, horien emaitzarik ez zen inon argitaratu. Nik behintzat ez dut aurkitu. Hipotesi horrek, beraz, oinarri oso ahulak zituen.

Aurten, aldiz, Isaac Moreno ingeniari eta youtuberrak hipotesi berria plazaratu du. Bere aburuz, Urkulukoa bezalako garaikurrak ikusiak izateko eraikitzen ziren, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek frogatu dutenez, erromatar galtzada zaharra Luzaide eta Orreagatik pasatzen zen, Ibañetako lepoan barna eta Urkulutik dezente mendebalderago. Erromatarrek garaikurra jartzekotan, hantxe jarriko lukete. Halaber, Morenok handik gertu dagoen beste tontor batean jarri du arreta. Hastategin beste aztarna batzuk daude. Erdaldunek Château Pignon edo Castillo del Peñón esaten diote. Dokumentazioaren arabera, aztarna horiek XVI. mende hasierakoa lirateke, Nafarroako konkistaren garaian Gaztelako Armadak eraikitakoak, mugaldea kontrolatzeko. Kontuan hartu behar baita, Monarkia Hispanikoak Nafarroa Garaia konkistatu zuen arren, Nafarroa Beherea Nafarroako errege-erregina legitimoen esku mantendu zela. Bada Morenoren arabera, Hastategiko gotorlekuaren eta Urkuluko dorrearen paramentuak berdin-berdinak lirateke, eta ondorioz, litekeena Urkulu garai hartakoa izatea da.

Izenari dagokionez, batzuek Hercules-ekin edo urguiluarekin lotu izan duten arren, Patxi Salaberriren arabera urkila formako paisaiekin lotu beharko litzateke; hau da, elkartzen diren bi lepo, bi erreka edo bi biderekin.