argia.eus
INPRIMATU
2,4 milioi euroko gainkostua eragingo dute Jaurlaritzako goi-kargu berriek, EH Bilduren arabera
  • Jaurlaritzako goi kargu eta aholkulari kopurua handitu izana krikatu du ostiral honetan Legebiltzarrean EH Bilduk.

Axier Lopez @axierL 2017ko martxoaren 03a
EAJ eta PSE arteko gobernu akordioari egotzi dio EH Bilduk igoera

2017ko aurrekontuetan agertzen diren datuetan oinarrituta, pasa den legealdian baino 37 goi kargu eta aholkulari gehiago onartu ditu Urkulluren gobernuak. Horrek 2,4 milioi euroko gainkostua ekarriko lukeela salatu du koalizioak.

EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkideak gobernu akordioari egotzi dio goi kargu eta aholkularien igoera, eta "PSEri ordaindu beharreko faktura” dela adierazi du. "Igoera hori sekulako arduragabekeria da, hori egin bitartean Jaurlaritza jendeari gerrikoa estutzeko eskatzen ari zaiolako eta askoz larriagoak diren beharrizan asko asetzeko dirurik ez dagoela erantzuten ari zaiolako”, gaineratu du.

Jaurlaritzaren egituraren diseinuarekin kritiko azaldu dira, herritarren beharrak baino, ikuspegi alderdikoia hobestu dutelakoan. Lanbide kanpo uzten duen Lan Saila sortu izana eta Merkataritza eta Turismo Sailak aurrekonturik ez izatea, jarri dituzte adibidetzat.