argia.eus
INPRIMATU
Urkulluk “gaitzespen irmoa” berretsi du Gorenaren epaiaren aurrean
  • 2010ean –atxiloketak gertatzean– eta 2019an –Arabako Auzitegi Nagusiak epaia ematean– egin zituen adierazpenak gogoratu eta berretsi ditu lehendakariak. Ez du epaiaren mamiaz baloraziorik egin.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko urtarrilaren 10
Lehendakaria, urte amaierako mezua eman zuen egunean. Argazkia: irekia

Sare sozialen bidez zabaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak oharra, asteartean Espainiako Auzitegi Gorenak De Miguel auziko zigor nagusiak berretsi ostean. Bi adierazpen ekarri ditu gogora Urkulluk, bietan berresteko.

Batetik, 2010eko apirilean eginikoak “Eusko Alderdi Jeltzalearen presidente gisa”, Poliziak martxoan De Miguel eta Arabako EAJko beste bi burukide atxilotu ostean. “Ustelkeria-kasu guztiak gaitzesten ditut, eta kudeaketa publiko eta politikoan gardentasunarekiko eta etikarekiko erabateko konpromisoari eusten diot”. Bestetik, 2019an egin zituenak, Arabako Auzitegi Nagusiak EAJrekin eta administrazioarekin loturiko hainbat politikari eta enpresariri urteetako espetxe zigorrak ezarri ostean: “Guztiz errespetatzen ditut Justiziak hartutako erabakiak”.

EAJren eta administrazioaren inplikazioaz baloraziorik ez

“Defendatzen ditugun eta adierazi nahi ditugun ideien eta balio etikoen aurkakoak diren gertaeren aurrean gaitzespenik irmoena berresten dut”, dio lehendakariaren oharraren amaierako esaldiak. Lehendakariak ez du epaiaren mamiaren inguruko baloraziorik egin, Gorenaren epaiak baieztatzen badu ere kondenatu nagusiek EAJko kide bezala zuten “eragin politikorako gaitasuna” baliatu zutela delituak egiteko, eta administrazio publikoa erabili zutela beren burua aberasteko.