argia.eus
INPRIMATU
Urkulluk eta Etchegaray-k elkarlana sustatzeko xedeak berretsi dituzte
  • Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkullu lehendakariak eta Euskal Elkargoko Jean René Etchegaray presidenteak EAEko eta Ipar Euskal Herriko bi komunitateen lankidetza areagotzeko nahia agertu zuten atzo Gasteizen egindako bileraren ondoren.  

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 05a
Jean-René Echegaray eta Iñigo Urkullu Ajuria Enean. Ondoan, Amestoy, Elorza eta Anton kabineteko buruak. Argazkia: Mikel Arrazola.

EAEko lehendakariak Ajuria Enean hartu zuen Jean-René Etchegaray. Bi agintariak hainbat arlo izan zituzten mintzagai, gobernu bien arteko elkarlana indartu aldera: kultura, euskara, kirol, nekazaritza eta turismo arloak izan zituzten aztergai, besteak beste.

Euskara arloan, “erabilpena” izan zuten gai garrantzitsua, bi mandatariek bat egiten zuten euskararen aldeko ekimenak elkarrekin garatzeko beharraz. Kultura arloan, berriz, proiektuen arteko koordinazioa eta berauen kalitatea beharrezkoa dela azpimarratu zuten.

Turismo eta laborantza arloak elkarren ondoan garatu beharra baitezpadakoa dela esan zuten: turismoa jasangarria izan dadin, tokiko baserritarren kalitatezko mozkinak bultzatu beharra dagoela adierazi zuten biek. Hau da, bi ekimenek, turismoak eta nekazaritzak, tokian tokiko ezaugarrien marka agertu behar dute.

Bi gobernuen asmoa da ere, immigrazioa, garraioa eta lurralde politika hobeto sustatzea: Share proiektua jarri dute abian horretarako. “Kari horretara, bi gobernuen arteko elkarlana medio, iheslari, migratzaile eta adingabeko bidaiariekiko erantzukizuna partekatuko dugu”, gehitu zuten. Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lantzen dituen politikak Ipar Euskal Herrian ezartzen laguntzeko nahia agertu zuen Urkulluk.

Urkulluk halaber Iparraldeko Hirigintza Agentziarekin aspaldi sinatu zuten memoranduma gauzatzeko beharra gogoratu zuen, “bi komunitateen lurralde plangintza politika batera garatu ahal izateko”.

Azkenik, bilkuraren azken puntuan Frantziako Tourra izan zuten hizpide. Bi mandatariek Tourra Euskal Herritik abiatzea nahi dute. Areago, lehen etapaz gain, Hego eta Iparra lotuko lukeen etapa bat ere proposatu diote Tourreko antolatzaileei. 2022 edo 2023 urtean izan liteke.