argia.eus
INPRIMATU
Urkulluk dio sintomarik duten pertsonei testa egiten dietela, baina egia al da?
  • Iñigo Urkullu lehendakariak koronabirusaren sintomak dituztenei froga medikoak egiten dizkietela adierazi du sare sozialen bitartez. Herritar askoren erantzunak jaso ditu gezurretan ari dela salatzeko.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 03a
IƱigo Urkullu lehendakaria.

Etxeko isolamenduan dauden sintomadunek, zein osasun arloko langileek kargu hartu diote Urkulluri. Lehendakaria "gutxienez, egia erdia" esatea onartezina dela adierazi du Urkulluren bertsioa ezeztatu duen Ander Usabiaga erabiltzaileak.

Osasun langileen profil batetik heldu zaio beste kritika bat Urkulluri. Medikuek pazienteei testik egingo ez zaiela esaten dietela eta erantzukizuna bere gain hartzen dutela adierazi du Aitor Montesek. Urkulluk hori esatea beren lanbidea “desprestigiatzea” dela esan du. Bere bertsioa berretsi du hainbat osasun-arloko langilek, testik egiten ez dela eta telefono bidezko jarraipena egiten zaiela gehituz.

Beste hainbat sektoretik ere heldu dira kritikak. Orain arteko datuei begiratuta, behar beste test egin ez direla adierazi dute batzuek, batez ere osasun.langileen artean izan duen hedapen azkarragatik. Gezurretan aritzea leporatu diote beste behin, eta hori helburu politikoekin, hau da datozen hauteskundeak irabaztea, egin duela gehitu dute.

Urkulluk, bere aldetik, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren lana goraipatu du. Krisiaren kudeaketa gardentasun osoz egin dela eta orain arteko osasun materialaren erosketarik handiena egin dela esan du.

Testei dagokionez, sintomak dituztenei egiten dizkietela esan du, epidemiaren errealitatea hobeto ulertzeko. Gehitu du Euskal Autonomia Erkidegoa Europan milioi bat biztanleko test gehien egin dituen lurraldea dela, eta horri dagokiola "Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batzuekin alderatuz kutsatu datu altuagoa" izatea.