argia.eus
INPRIMATU
Urkulluk “sentitzen” du Nahuel Gomezi masailezurra hautsi izana Ertzaintzak, baina ez die ardurarik egotzi
  • Iñigo Urkulluk asteartean adierazi du "sentitzen" duela Nahuel Gomezi gertatua. Ertzaintzak pilotakada batekin masail-hezurra hautsi zion Sansebastian egunez, lanetik etxera bidean zihoala. Naiz-en galderei erantzunez egin ditu adierazpen hauek, baina gertaera hauen ardura polizia agenteengan jarri beharrean, "osasun publikoaren aurka" egiten duten herritarrengan jarri du.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko urtarrilaren 27a

"Osasun publikoaren aurka daudenen aurka ari dira poliziak", adierazi du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak azken egunotako Ertzaintzaren interbentzioei buruz.

Naizen irakur daitekeenez, egunkari horrek galdetu dio joan den asteazkenean lanetik etxera bidean zihoan Nahuel Gomez gazteari buruz. Ertzaintzak tiro eginiko pilotakada batek masailezurra hautsi zion. "Sentitzen dut", adierazi du Urkulluk, baina berehala beste norabide batera bideratu du arreta: "Sentitzen dut berak nahi gabe osasun publikoaren aurka propio eginiko ekintzen sufritzaile bada".

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak salatu duenez, udaltzainak gazte bat atxilotzen saiatu ziren Sansebastian egunez, “batzuek zergatik atxilotzen ari ziren ere ez zekiten arren”. Ingurukoak atxiloketa gelditzen saiatu ziren eta Ertzaintzari eskatu zioten laguntza. Istiluak sortu ziren eta besteren artean, "jotzera tiro egiteko" nola agintzen zuen grabatu zuten Ertzaintzako mando bat egun hartan. Hainbat gazte atxilotzeaz gain, beste hainbat zauritu zituzten, horien artean, Nahuel Gómez Rodríguez tabernaria. Lanetik etxera zihoala hautsi zioten matrail hezurra, foam bala bat aurpegira botata.

"Zer gertatzen zen begiratzeko buelta eman nuen eta danba, Ertzaintzaren balak aurpegian eman zidan bete-betean", horixe adierazi zuen Nahuel Gomez 24 urteko gazteak ARGIAren galderei erantzunez.