Hamar urtean lehendabiziko aldiz, lehendakari batek ez ditu presoen senideak hartu Loiolako mezaren aurretik. Urkulluren idazkari batek jaso du sakabanaketararen ondorioei buruzko txostena.
Urtero legez, Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) basilikaren kanpoaldean bilduta zeuden Etxerat elkarteko kideak, Iñigo Urkullu lehendakariak noiz hartuko. Sakabanaketak haur eta nerabeengan duen eraginari buruzko txostena lehendakariari ematea zen bertaratutakoen asmoa, baina Urkulluk uko egin dio jasotzeari.
Hamar urtean, lehendabiziko aldia da lehendakari batek presoen senitartekoak Loiolan hartzen ez dituela. Orain artean, San Ignazio eguneko elizkizunaren aurretik hartu izan du presoen senitartekoek prestatutako txostena.
Etxeratek jakinarazi duenez, “elkarretaratzea egiteko baimenarekin batera azaldu genuen txostena emateko asmoa”. Elkarretaratzea hasi aurretik, protokoloko arduradunekin eta ertzainekin hitz egin zuten, baina inork ez zien esan Urkulluk ez zuela txostena eskuan jasoko. Gerora jakinarazi zien lehendakariaren idazkari batek, eta berak hartu zuen txostena.
Bere aldetik, Eneko Etxeberria Azpeitiako alkateak jaso zituen presoen senideak, eta haien egoeraz mintzatu zen elkartearen bozeramaileekin.