argia.eus
INPRIMATU
Berton Bertokoa
“Urkullu jauna, eskoletan sukaldeak jarri ala Durangaldea oilo gorotzez beteko dugu”
  • Durangaldeko gurasoek osatutako taldea da Berton Bertokoa. Bi urte daramatzate lanean eskoletako jantokietan Eusko Jaurlaritzak ezarritako catering sistematik atera eta bestelako eredu bat aldarrikatzen: eskolan bertan prestatutako janaria, eskualdeko produktu ekologikoekin egindakoa. Umorea erabiliz, egun baten buruan euren eskaerei erantzunik eman ezean, Durangaldea oilo gorotzez beteko dutela mehatxu egin dute.

Axier Lopez @axierL 2019ko urtarrilaren 11

Pirataz mozorroturik, Eusko Jaurlaritzako arduradun gorenei zuzendu dizkiete haien eskakizuna: "Urte bi daramatzagu beste jantokieredu baten eskean eta erabateko borondate falta dagoela ikusten dugu, gauza bat esan eta beste bat egiten da, edo hobe esan, ezer ez dela egiten, Inposatua zaigun oraingo catering sistemak ez gaitu asebetetzen, aldaketa proposamen konkretuak egin ditugu, eragileekin bildu gara, ekoizleekin, baita catering enpresekin eurekin ere, baina edozein aldaketa Eusko
Jaurlaritzaren esku dago eta ez dugu ikusi haren aldetik gure eskaerei erantzuna emateko inongo borondaterik".

Bi urteko ibilbidean egindako ekimenei esker, Durangaldeko eragile, kulturgile, sindikatu eta alderdi askoren babesa jaso du Berton Bertokoaren eskakizunak. Baina bideoan salatzen dutenez, "babesa zabala izanik ere, gure eskoletan sukalde eta sasoiko produktu barik jarraitzen dugu".

Umeek ondo hazi eta garatzeko elikadura osasuntsu bat ezinbestekoa dutenez, elikadura osasuntsu bat bermatzeko jangaiak nola erein diren eta zer nolako ongarri eta babesa izan duten ziurtatu beharra dagoela azpimarratzen dute. Ondokoak dira taldeak eskoletan bertoko produktuak erabiltzeko emandako arrazoiak:

  1. Inguruan lanpostuak sortuko ditu, bertoko produktoreei lana emanez. Behar dena produzituz eta ez gehiago.
  2. Bertoko ekonomia indartuko du. Bertoko produktoak erosi ezkero, dirua hemen geratzen bait da berriro bertan inbertitzeko.
  3. Bertoko baserrien bizi iraupena bermatzen lagunduko du, eta gure ohiturak eta jakituria mantentzen lagunduko ere.
  4. Urrunetik ekarritako produktuekin alderatuz, bertoko produktu ekoizteak kutsadura arrasto minimoa uzten du.
  5. Jakirik osantsuenak gure ingurukoak dira, gure klima eta ingurura moldatu direnak: horiek dira gure garapenarako egokienak.
  6. Bizitzaren ziklo naturala errespetatzen du: bertan produzitzen dena bertan konsumituz.