argia.eus
INPRIMATU
Urkullu eta Muñozen arteko eztabaidan, ‘Zuloan’ liburuak erakusten duen “esplotazioa” mahai gainean
  • Eztabaida bizia sortu da azken asteotan Iñigo Urkullu lehendakariaren eta ELA sindikatuaren artean, euren arteko harremanik ezaren inguruan.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 04a

Sindikatu abertzaleko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñozek Eusko Jaurlaritzaren “hipokrisia” salatu zuen abenduan, soldatak igotzea iradoki baina obra publikoetan “alderantzizkoa” egiten duelako bere ustez. Hain justu, AHTko lan-baldintzak erakusten dituen Zuloan liburua bidali die ELAk lehendakariari eta beste hainbat goi-karguri.

Era berean, Muñozek gogor kritikatu du Urkulluk beraiekin bildu nahi ez izatea: “Erlazio klientelarra baizik ez dute nahi”, azaldu zion Radio Euskadiri.

ELAren “erregimen esklusibodun” harremana

Egun batzuk geroago Urkulluk berak erantzun zuen, irrati berean egindako elkarrizketan. Lehendakariaren aburuz ELAk “erregimen esklusibodun” harremana nahi du eta gainerako ordezkaritza sindikala “mespretxatzen” du modu horretan. Parte-hartze foroetan ez egotea ere egotzi zion euskal sindikatuari eta “kontraboterea” izateko helburua edukitzea.

Urte amaieran euskal telebista eta irrati publikoetan igorritako mezuan, berriz, lehendakariak “kalitate hobeagoko enplegua” sortu beharra nabarmendu zuen, lan-prekarietate salaketei erantzunez.

“Lehendakari jauna, zure ardurapeko eremuetan esplotazioa nagusi da”

Ostegun honetan Berrian eta El Correon (gaztelaniaz) gutuna argitaratu du Txiki Muñozek, Eusko Jaurlaritzari eta lehendakariari aurretik egindako kritikak berretsiz. Urkulluk aipatutako foroak “hutsalak” eta “antzezpen mediatikoak direla dio ELAko buruak.

Jaurlaritzak harreman “klientelarra” nahi duela argudiatzeko gertaera baten berri ere ematen du artikuluan: duela urtebete, lehendakariaren eskariz, bi aldeek bilera bat hitzartu zuten “gairik finkatu gabe”; baina Muñozek dioenez, ELAk 2017ko aurrekontuei kritika egin ostean, bertan behera geratu zen bilera, lehendakariak ez zuelako “hori ondo hartu”.

Muñozek berriz ere gogorarazi du AHT bezalako obretan langileek bizi duten egoera, eta Zuloan liburuak azaleratutako lan-baldintzak jarri ditu mahai gainean: “Bai, Lehendakari jauna, zure ardurapeko eremuetan esplotazioa nagusi da (…) Liburu horretan, gure herrian oso hedatua dagoen errealitate sozial bat deskribatzen da; errealitate hori Jaurlaritzak eta hedabide askok ezkutatu egiten digute”.

ELAko idazkari nagusiaren esanetan, gainera, ez lehendakariak ezta sailburuek ere, ez dute bilerarik egiten halako egoerak desagerraraztea eskatzen dutenekin: “Inork ez du ELArekin hitzordurik jarri nahi”.