Iñigo Urkulluk lehendakari izaten jarraituko du EAJ eta PSEk lortutako akordioari esker. Karguarekin batera, orain arteko soldatarekin jarraituko du Urkulluk. Urtean 104.233 euroko soldatarekin Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako lehendakarien artean gehien irabazten duena da Carles Puigdemonten atzetik.
Urkulluk 98.494 euroko soldata du urtean —hilabetean 7.035 euro—, baina horri bere funtzionario lanaren antzinatasuna gehituz zifra urtean 100.000 eurotik gora kokatzen da EAEko Gardentasun Atarian publikaturiko datuen arabera.
Aurreko legealdian bezala, oraingoan ere ez da lehendakariorderik izango, beraz kargu horrek irabaziko lukeen 92.487 euroko soldata aurreztuko du gobernuak. Hala ere, legealdi berrian sailburu gehiago egongo dira, guztira hamaika. Josu Erkoreka, Arantza Tapia, Beatriz Artozabal, Iñaki Arriola, Pedro Aspiazu, Cristina Uriarte, Jon Darpón, Alfredo Retortillo, Bingen Zupiria, Estefanía Beltrán de Heredia eta María Jesús San Josék 87.799 euroko soldata izango dute urtean, egun Espainiako presidente Mariano Rajoyk (78.967 euro) irabazten duena baino ia 9.000 euro gehiago. Espainiako ministroekin alderatuz gero, aldea ia 20.000 eurokoa da, hauek 69.671 euro irabazten dituzte urtean.
Sailburuordeak eta erakunde autonomikoetako zuzendariak dira EAEko gobernuan Rajoyren soldatara gehien hurbiltzen direnak, hauek 79.460 euro irabaziko baitituzte urtean, 5.675 euro hilabetean.
Soldata horiei etxebizitzatik parlamentura mugitzeko garraiorako laguntzak gehitu behar zaizkie, parlamentari guztiek jasotzen dituztenak. Laguntza hauek bizi diren lurraldearen arabera aldatzen dira: arabarrek hilabetean 370 euro, bizkaitarrek 543 eta gipuzkoarrek 596.
Legebiltzarreko mahaia
Urkulluren gobernuaren berraukeratzearekin batera, Bakartxo Tejeriak legebiltzarreko presidente kargua mantendu du. Hilean 6.841 euroko soldata jasotzen jarraituko du, urtean 95.782 euro. Legebiltzarreko bi presidenteordeek, Txarli Prieto (PSE) eta Eva Blanco (EH Bildu), urtean 81.508 euroko soldata jasoko dute.
Legebiltzarreko mahaia Iñigo Iturrate (EAJ) eta Cristina Makazagak (Elkarrekin Podemos) idazkariek osatzen dute, hauentzat finkaturiko soldata hilean 5.822 eurokoa da. Kontuan izan behar da hainbat alderdik hautetsien ordainsariei gehiengo bat jartzen dietela, alderdiei egiten dizkieten donazioez gain.
Mahaiko idazkarien soldata bera izango dute legebiltzarrean dauden bost alderdietako bozeramaileek ere. Gainontzeko parlamentariek hilean 4.946 euroko soldata dute, 15ek izan ezik, antzinatasunagatik igoera bat baitute.
minor-latin;mso-ansi-language:EU">