argia.eus
INPRIMATU
Urkullu, Chivite eta greba orokorra
  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, hilaren 30ean greba orokorra egingo dute Hego Euskal Herrian. Helburuak: gutxieneko pentsioak igotzea, lan prekarietatearen aurkako neurriak hartzea, soldata arrakala ezabatzea eta eskubide sozialak aitortzea.

Juan Mari Arregi 2020ko urtarrilaren 23a

Sindikatu abertzaleek gutuna bidali zieten hurrenez hurren EAEko eta Nafarroako lehendakariei, Iñigo Urkulluri eta Maria Chiviteri, euren arrazoiak azaltzeko. Chivitek sindikatuekin hitzordua onartu duen bitartean, Iñigo Urkulluk errefusatu egin du, greba “neurriz kanpokoa” dela iritzita.

Urkulluk atzera botatzeko arrazoiak izango ditu. Sindikatuei harrerarik ez egitea, ordea, ez da kasualitatea. Ohiko jarrera da jada. Bere antisindikalismo abertzalea DNAren parte du, ia astero patronalaren eta bere enpresen besotik ikusten dugun bitartean. Oraingoan, ordea, greba deialdia baliatu zezakeen sindikatuekin haien arrazoiak eztabaidatzeko. Zeren, gainera, ez da Urkullu bakarrik greba hau arbuiatzen duena. Badira beste sindikatu eta mugimendu sozial batzuk hala pentsatzenc dutenak, eta pentsiodunen mugimenduaren zati batek ere ez du egoki ikusten. Egia da deialdia egin den testuinguru soziopolitikoan greba hori oso eztabaidagarria izan litekeela eta eztabaidatua izaten ari dela.

Urkulluk ez du usaimenik izan, eta sindikalismo abertzalearekin zuen harremana aldatzeko aukera handia galdu du. Beste behin, patronalaren lehendakaria dela erakusten du. Ez dirudi hain ziur dagoenik grebaren aurkako arrazoiez, agian sindikatuen birplanteamendua lor baitzezakeen haiekin bilduta. Edo igual sindikatuek bera konbentzitu eta grebara eramango ote zuten? Urkullu, Chiviterengandik ikasi. Zuk bezala pentsa dezake, baina bera sindikatuekin biltzen da.