argia.eus
INPRIMATU
Urkullu: “Aldebikotasunaren bidez akordioak lortzeko eredua da Euskadi”
  • Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Plenoan, Iñigo Urkullu Lehendakariak Kataluniako egoera zeharka soilik aipatu du eta ez du erabakitzearen eskubidearen aldeko aipamenik egin. EH Bilduko parlamentariek demokraziaren aldeko kamisetak dituzte soinean.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 21a

Nazioarteko analisian lau gako aipatu ostean "Estatuaren lurraldatasunaren ereduaren gatazkari era eraikitzailean heldu ez izana akats larria" dela adierazi du. Lehendakariaren arabera "ezin da ulertu Espainiako Gobernuaren geldotasuna edo geldikeria". Legezko eta akordiozko itunaren alde egin du, baina ez du erreferendumaren, eskubide zibilen edo erabakitzearen eskubidearen gaineko inolako aipamenik egin.

Elkarrizketaren bidea babestu du, eta EAEn akordioren alde egindako lanak goraipatu ditu. Bere iritziz "agertoki berri bat lortu dugu, aldebikotasunak bere esparruaren zati bat berreskuratu du".

Espainako Gobernuarekin itun ekonomikoa eta kupoaren negoziazioa jarri du Lehendakariak akordioen eredu gisa. "Aldebikotasunak, ulermenak, elkar ezagutzak eta legezkotasunak aukera ematen digute akordio itun berri bat lortzeko, Euskadiren eta Estatuaren harremanenei dagokionean".

Autogobernuaren Ponentzia

Krisi ekonomikoaren gaineko hainbat orokortasunez gain, xehetasunak ematen saiatu da Urkullu Autogobernuaren auzian. "Euskal nazioaren berezitasunak" aitortuko dituen estatus berria proposatu du, eta Estatuarekin balizko akordioa aldebikotasunean oinarritu behar dela errepikatu du.

Itun ekonomikoa eta politikoa oinarri izan behar duen estatutu berriak, Espainiako Estatuan den lurraldetasunaren krisiari irtenbidea eman beharko liokeela iritzi du, eta jakinarazi du elkarrizketa abiatu "nahi duela" Espainiako Gobernuarekin.

Herritarrek beren iritzia defendatzeko eta erabakitzeko eskubidearen alde egin du amaieran, "baina legalitate printzioaren barruan egiten bada, soilik". Zuzenean Katalunia aipatu gabe, bermerik gabeko galdeketa bat ez duela babestuko adierazi du.

Bizikidetza

Bizikidetza Planari dagokionez "indarkeriarik gabeko lehen belaunaldia garela" uste du Urkulluk, baina oraindik "amaiera ematen jakin" behar dela. Preso politikoen gaiaz, sakabanaketarekin bukatu behar dela adierazteaz gain, lau oinarri edo baldintza jarri ditu: norbanakotza, gizatasuna, kaltearen aitortza eta birgizarteratzea.

Biktimen alorrean, ekimenak biderkatu behar direla guztien sufrimendua arintzeko, eta biktima guztiei zor zaien begirunea eta erreparazioa aipatu ditu.

ETAren armagabatzean Frantziako eta Espainiako Estatuek izandako jarrera txalotu du.