argia.eus
INPRIMATU
Urkiolan baimendutako basurde-ehizaldia kritikatu du Eguzkik
  • Bizkaiko Foru Aldundiak basurde-ehizaldia baimendu du Urkiolako Parke Naturalaren eremuaren barruan azaroaren 25erako. Baimenaren arrazoiak ez azaltzea eta ehiztari elkarteen mesederako aritzea leporatu dio Eguzki talde ekologistak Aldundiari.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko azaroaren 24a

Urkiolako Parkeko araudiak aurreikusita dauka orkatz eta basurdeen aurka ehizaldiak egiteko aukera, bi kasutan: animaliok nekazaritzako edota basoetako jabegoetan kalte esanguratsuak egin izana, edo espezieen ale kopurua murrizteko beharra frogatuta egotea. Eguzkik dio Aldundiak ez duela jakinarazi horietako zein arrazoirengatik eman dion argi berdea azaroaren 25eko ehizaldiari.

“Bestalde, lehen sektorearen eta espezie horien arteko bizikidetza bermatzeko [ehiza ez diren] beste bide batzuk ere badaude”, adierazi du elkarte ekologistak. Gaineratu dutenez, edozein kasutan basurde kopuruak gora egitearen errua giza jarduerak dauka, haien harrapari naturalak desagerrarazi baititu.     

“Onartzen dugu administrazioak jarduera ekonomikoa ahalik eta baldintza onenetan garatzeko beharra duela”, dio Eguzkik, “baina susmoa dugu baserritarren kexak, sarritan, ehizaldiak baimentzeko aitzakia besterik ez direla, eta ez benetako arrazoia”.

Azkenik, azpimarratu egin dute Bizkaiko Aldundiak babestu egin beharko lituzketela parke naturaletara naturaz gozatzera joaten direnen interesak ere. Gozamen hori ez da bateragarria inguruan ehiztariak ibiltzearekin, eta horregatik logikaz kanpokotzat dute uxaldia larunbat batean antolatzea, “ehiztari elkarteen agendaren mesederako ez bada”.