argia.eus
INPRIMATU
Urkiaren izerdia biltzen duen zuberotarra
  • Iker Lagrenade-k idatzi eta Kazeta.eus hedabideak argitaratu du 2015etik urki sapa edo izerdia biltzen duen Bertrand d'Hulst zuberotarraren berri. Egunean hiru litro biltzen ditu eta lan honetara emana den O'Lurra fundazioko kidea da.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 06a

"Udaberri hasieran ehunka litro biltzen ditu lau astez Iratiko ibarrean, Ligi-Atherein, hain zuzen. Uzta duela aste batzuk bukatu da eta orain salgai jarri du" azaldu du Lagrenade berriemaileak Kazeta.eus-en. Zuberoako oihanekin zer egin pentsatzen ari zen d'Hulst basozaina eta Herrialde nordikoetatik piztu zitzaion ideia. Izan ere, hara bidaiatu izan du, eta Lagrenaderi kontatu dionez, "oso luzeak eta latzak diren neguak bukatzean, urki sapa erabiltzen dute biziberritzeko. Berpizkundearen elixirra da. Beraz, gaiari buruz informatu naiz eta proiektua abiatu dut".

O'Lurra fundazioaren sortzaileak adierazi du Euskal Herrian zaila dela urkia bilatzea, baina zorionez bere etxe inguruan 180 bat zuhaitz aurkitu dituela: "2015ean sapa biltzen hasi nintzenean, aitzindarietako bat izan naiz Euskal Herrian eta baita Akitania Berria eskualdean ere, gaur egun beste batzuk ari dira biltzen. Merkatu hau zabalduz doa".

Zer ematen digu urkiaren izerdiak?

Lagrenadek Kazeta.eus hedabidean azaldu duenez, urki sapa aberatsa da kaltzio, burdin, kobre, zink, kromo, potasio, silizio eta bitaminetan. Azalaren eta ilearen kalitatea hobetzen du. Magnesioaren bidez, nekeari eta depresioari aurre egiten die eta immunitate-sistema bizkortzen du. Urki izerdia hiru astez hartzen da, eguneko hiru litro edanda. Internetez eta puntu hauetan saltzen du, baita gai horrekin egindako xaboia ere.