Aste honetan baietzaren aldeko festa giroa, ala behintzat, alaitasuna ikusi dugu Bogotako kaleetan. Astelehenean, Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk Habanako akordioak Cartagenan sinatzean, jende andana pilatu zen Bogotako Bolívar plazan. Batukadak, mozorroak, kolorea, ilusioa. Sinaduraren ostean, kontzertuak eta parranda ere izan ziren bertan. Festa hori urriaren 2an jarraitu edo gainditu egingo zela uste izan da egunotan.
Plebiszituaren ondorioz alkohola edatea debekatzen duen “Lege lehorra” indarrean egon arren asteburu osoan, Bolívar plazan biltzeko deialdia egina zuten, baietzaren garaipena ospatu asmoz. Halakoa zen konbentzimendua, bestela ezin ulertu espektakulu bilakatu zuten sinadura plebiszituaren aurretik egitea. Habanako akordioei Kolonbiak baiezkoa emango ziela zen pentsamendu orokorra; “ez nuen beste aukerarik ikusten”, zioen soziologiako ikasle batek. Horrenbeste non, ezezkoaren buru Alvaro Uribek berak esan baitzuen oso nekez irabaziko zutela.
Horrexegatik ezustea ezezkoak bozen %0,46ko aldeaz irabaztean: %50,23 eta %49,77. Dena prest zegoen baietzak irabazi ondoren aurrera egiteko, ezer ez ezetzak irabazi osterako. Orain, zer?
Eta ez zen festarik izan Bolívarren. Etsipena eta tristura zabaldu dira kolonbiar askoren artean. Sare sozialak borborrean ziren, baietzaren aldekoen arteko eztabaidak, lotsaren adierazpen etengabeak, itxaropenik eza.
Lau urte luzeko negoziazioen ostean, hainbat gai jorratzen zuen akordioa lortua zuten gobernuak eta FARC-EPk: nekazaritza-erreforma, parte hartze politikoa, gatazkaren amaiera, legez kanpoko laborantza (drogak) eta biktimen gaiak.
Behin irailaren 26an akordioa sinatuta, antza, bidea maldan behera zihoala zirudien, adostutakoa indarrean jartzea besterik ez zegoen –nahiz eta hori izan erronka handiena, hitz egindakoa errealitate bilakatzea–. Koska txiki bat besterik ez zitzaion geratzen, txikikeria bat, plebiszitua. Gobernua eta FARC-EPren komandanteek, hots, gutxi batzuek adostutakoak kolonbiar guztien zilegitasunarekin blindatzea zen helburua (bidenabar, Juan Manuel Santos presidentearen jarduna babestu eta goratzeko ere). Bazekiten plebiszitua ez zutela erraz gaindituko, baina irudikatutako mehatxua ez zen izan ezezkoaren aldeko bozka, baizik eta abstentzioa. Horregatik, plebiszitua baliogarri izateko gobernuak erroldaren %13an jarri zuen gutxieneko parte-hartzea.
Horrenbesteko garrantzia duen gai bati langa hain baxua jartzeak erakusten du gobernuaren beldur nagusia zein zen. Dena den, erroldaren %13 horrek 4,5 milioi bozka esan nahi du, eta azkenean, 13 milioi inguru izan ziren, uste baino dezente gehiago. Hala ere, erroldaren %37,43k bozkatu du soilik.
Akordioa indarrean jartzearen nondik norakoak adosteko aspaldi hasi zituzten bilerak bi aldeek, eta aurrerapen handia zegoen egina, nahiz eta ezezkoak irabaztekotan zer gertatuko zen airean zegoen, beldurra sortzen zuen misterioa. Badaezpada, eta baiezkoaren garaipena bermatzeko, gerraren itzuleraren mamuarekin jolastu zuten gobernuak eta gerrillako buruek.
Santos presidentearenak dira hurrengo esaldiak: “Ez bada onartzen [akordioa plebiszituan] ez da ezer egingo akordioak gauzatzeari dagokionez. Eta zer egin behar dut nik? Jaun hauek oihanera itzuli eta duela sei urte egiten genuenera itzuli”, edo “Nik eskaini nuen plebiszitua. Ez nago behartuta, baina nire hitza beteko dut, ezezkoak irabaztekotan amaitu da akordioa”. Humberto De la Calle, gobernuko negoziatzaileen buruak esana: “Herriak ezetz badio, amaitu da prozesua”. Eta azkenik, Carlos Antonio Lozada gerrillaren negoziatzailearen hitzak: “Ez dago Habanan adostutakoa birnegoziatzeko inolako aukerarik”.
Horixe zen ezkertiarren arteko beldurra, ezezkoak irabaztekotan, uribismoaren itzulera ote? Hots, azenarioa baztertzekotan, makila ote erantzuna? Hori ulertzeko, jakin beharra dago Santos Alvaro Uriberen gobernuko (2002-2010) Defentsa Ministroa izan zela, eta beraz, uribismoak Kolonbiako ezkertiarren artean sortutako izuaren itzulera ez dela erokeria, Santos bera izan baitzen izu horren erantzule zuzena, nahiz eta orain kontrako papera jokatu. Jakin beharra dago, aldi berean, uribismoak Kolonbian sortutako egoera zein izan zen. Datu gutxi batzuk: 2000. urtean FARC-EPren soldaduak 20.000 ziren, eta ELNrenak 7.000, 2010ean, 7.000 ingurura murriztu ziren FARC-EPrenak, eta 2.000ra ELNrenak gobernuaren erasoen ondorioz; Uriberen gobernuak lotura nabarmenak izan ditu egitura paramilitarrekin, eta horiek 1995 eta 2005 bitartean (gatazkak 50 urte baino gehiago iraun ditu) 3.500.000 pertsona desplazarazi dituzte, eta gatazkako sarraskien %58 eragin zuten.
Paramilitarren artean erabilitako esan batek adierazten du Santos eta Uriberen politika: “Arraina hil ahal izateko, urarekin amaitu behar da”. Hau da, gerrillak deuseztatzeko bere oinarri diren mugimendu ezkertiarrak ezabatu behar dira. Lema horrek adierazten du iragandako hamarkadan Kolonbiako gizarte zein mugimendu politiko ezkertiar, feminista, indigena, nekazari, langile, ekologista, giza eskubideen aldeko, ikasle, gazte eta abarrek jasandako oldarraldia, eta ondorioz, izua.
Horrexegatik, igandean plebiszituaren emaitzak jakin ostean ingurukoengan sortutako etsipena. Askorentzat, “zer gertatuko da orain?” galdera egin ostean erantzun posibleen artean heriotza zegoen. Eta egia esan, askorentzat horrela izaten jarraituko du, Kolonbiako gatazka sozialak, FARC-EP eta ejertzitoko soldaduetatik harago, heriotza ugari eragiten jarraituko baitu, zoritxarrez. Abuztuaren 27tik (akordioa prest zegoela iragarritako eguna) irailaren 21era bitarte gutxienez 22 ekintzaile, nekazari eta indigena hil zituen eskuinak hilketa selektiboekin.
Baina igandean, plebiszituko emaitzak jakin ostean, Rodrigo Londoño Echeverri, FARC-EPko buruak, Santosek eta Uribek su-etenarekin, negoziazioekin eta akordioekin jarraitzeko nahia adierazi zuten. Horrek esan nahi du inork gutxik duela, itxuraz bederen, Kolonbiako gerraren gordinenera itzultzeko gogoa.
Lehen biena ulergarria da, baina Uribe zergatik agertu da prest orain akordioei berrekiteko, kanpaina guztian akordioen aurka azaldu denean?
Bada, geroz eta argiagoa da azken bake prozesu honek –herrialdeko historian hamaikagarrena– Kolonbiako jokaleku politikoa eta militarra eraldatu dituela. Badirudi prozesu honek oinarri sendoak aurkitu dituela herrialdeko gizartean, eta oinarri horiek eragina izaten hasi direla. Mende erdi luzearen ostean, armek Kolonbiako gatazkari irtenbidea ekarriko diotela uste dutenak geroz eta gutxiago dira, baita uribisten artean ere.
Jada 2010ean, bake prozesu bat hastearen inguruko iritziak Uribe eta Santos bereizi zituen. Lehena, lur-jabe handiek osatutako oligarkia tradizionalaren buru da, “komunismoaren” etsaia kosta ahala kosta ezabatzearen aldekoa. Santos berriz, oligarkia “modernoaren” buru da, zeinak uste duen Kolonbian gatazka armatua amaituz gero, negoziazioak medio badira ere, askoz errazagoa izango dela eredu neoliberala txertatu eta herrialdearen ondasunak ustiatzea.
Habanako akordioak garatu ahala, atzera egin ezinezko bilakatu dira eta denak ohartu dira akordioen osteko Kolonbian bakoitzak edukiko duen pisua, kokapena eta indar-harremana akordioetan edukitako paperak baldintzatuko dituela. 2018an dira presidentetzarako hauteskundeak, eta prozesu guzti honetan edukitako rolak baldintzatuko du hautagai guztien irteera postua.
Ikuspegi horretatik, Habanako akordioetako garaileak Santos eta FARC-EP ziren, eta Uribe berriz, beti ezezkoan dagoen marmartia. Atzoko plebiszituak aukera ezin hobea eskaini dio, ordea, azken horri. Ezezkoak irabazita, Santosek eta Timochenkok eskua luzatu diote Uriberi Habanan parte hartzeko, ezezkoaren ordezkari. Uribek gogo hori iradoki zuen bere diskurtsoan. Izan ere, azken horren diskurtsoa FARC-EPren kontrako gupidagabetasunean oinarritu bada ere, zer axola zaio gerrillari batzuek beteko dituzten kartzela urteak, jokoan dagoena Kolonbia gobernatzea bada?
Plebiszituaren emaitzekin, Uribek aukera paregabea jaso du Habanako mahaian kolpea eman, bere hitza eta irudia bertan txertatu, eta berriz ere Kolonbiako eszenatoki politikoko erdigunean kokatzeko.
Timochenkok esan zuen Cartagenako diskurtsoan hitza izango dela hemendik aurrera Kolonbian gatazka politiko-soziala konpontzeko arma; hori baieztatzea gehiegi esatea da, nabarmen, eta Habanako akordioek Kolonbiako gatazka konponduko dutela gezur hutsa. Hala ere, eta gatazkaren eboluzioa nolakoa izango den esatera ausartu gabe, egia da egun Kolonbian entzuten diren tiro hotsak geroz eta gutxiago direla, eta Habanan adostutakoak, eta batez ere, bakoitzak bertan izandako paperak eratuko duela, hein batean, etorkizuneko Kolonbiako jokaleku politikoa.
Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]
Zure komunitatean harrapatuta, gainerako herritarrengandik isolatuta. Talde armatuen tiro eta indarkeriaren erdian, lurra eta elikagaiak lantzeko ere etxetik atera ezinik. Halaxe deskribatu du Kolonbiako Chocó departamenduko bizimodua bertako ekintzaile Laura Orozcok... [+]
Uwa, kamsá, tukuná, uitoto, tikuna, embera, nasa-yuwe, nukak, sikuani, siano, macuna, yuruti, kichwa, achagua, bora, ettenaka. Horiek dira Kolonbian hitz egiten diren hizkuntzetako batzuk. Tamalez, Kolonbian bizi nintzenean, Cundinamarcan, nik ez nuen gure... [+]
Zezenketez gain, burtzikatzeak, zekorketak eta haztegiak debekatuko dituzte 2027. urtetik aurrera. “Erabaki historikoa” izan dela adierazi du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok.
Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur... [+]
Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".
Hitz... [+]
Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.
Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.
ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]
Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]
Alejandra Millerrek argi dauka, gatazka baten ostean, mundu guztiarekin hitz egin behar dela. Isilarazitako ahotsak eta narrazioak biltzen saiatu da, besteak beste, Kolonbiako Egiaren Batzordearen barruan, herrialde horretako gatazka armatuak era guztietako emakumeei eta LGTBIQ+... [+]
Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.